Donostia-San Sebastian. Hogeitik gora ekitaldik osatzen dute #ScotlandGoesBasque programa, hainbat diziplinatako euskal artista eta sortzaileen lanak Eskoziara eramanez, literatura eta arte eszenikoetatik abiatu eta musika edota zinemaraino. Etxepare Euskal Institutua antolatzaile eta Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagun Eskoziako hiri garrantzitsuenetara iritsiko da 2019an zehar.
Urtarriletik urrira bitartean 100 artista inguruk beren talentua eta sormena erakutsiko dute Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan, hala nola, Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival, eta Fringe – Dance Base-en (Edinburgo). Halaber, euskara eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibertsitateetan.
Euskal sortzaileentzako lehenengo hitzordua aste honetan bertan Glasgowen hasiko den Celtic Connections jaialdia izango da. Nazioartean World Musik izenekoan erreferente den festibal honetan lau euskal talde arituko dira: Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka Tx. Hauekin batera, Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du; Igor Otxoa eta Mixel Ducauk zuzenduriko proiektu honek hizkuntza minorizatuak balioan jartzea du helburu, besteak beste Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko musikariak lagun.
Jaialdiaren baitan topaketa profesional bat ere egingo da Eskoziako kultur eragileekin. Euskal Herriko musika industriako hamar bat profesional, elkarte sektorialetako ordezkariak eta musikaren alorrean lan egiten duten sektore publikoko hainbat profesional ere partaide. Halaber, munduko musiken generoaren baitan koka daitezkeen euskal artisten katalogoa argitaratu da, festibalera bertaratuko diren profesionalen artean banatzeko. Horrekin batera CD bilduma bat ere prestatu da, nazioartean herri-musiketan erreferente den Songlines aldizkariarekin banatzeko.
Aipatzekoa da dagoeneko elkarlanerako bideak ezarri direla programa tarteko Eskoziako eta Euskal Herriko hainbat kultur eragileren artean, hala nola, Durangoko Azoka, Literaktum, eta Gutun Zuria, literaturaren arloan, eta Atlantikaldia eta Dantzagunea dantzaren esparruan.