Donostia-San Sebastian. 2019ko Euskal Argentinar Aste Nazionala gerturatzen ari da (azaroaren 2tik 10era izango da) eta berehala hasiko da Euskal Herritik Argentinara doazen bidaiarien tanta-jarioa, bat egiteko egin ere bertako euskaldunekin euren urteroko festa eta elkarretaratze handienean. Gipuzkoako Eskoriatza eta Arrasate udalerrietatik hogei bat laguneko taldea abiatuko da datorren ostiralean herrialde australera Argentina ezagutu eta Bahia Blancako Euskal Astean parte hartzera, Bask in Motion eta Arrasate Bidaiak agentziak antolatzaile.
Urriaren 25etik azaroaren 14ra bitartean Argentinako hainbat toki bisitatuko dituzte, bidaiak zenbait osagai berezi izango dituela, horietatik lehena Argentina iparraldean, Corpus Christiko Mbya-Guaraní komunitate indigenekin egingo duten elkarretaratze eta elkar-ezagutze topaketa, horretarako bitartekari eta antolatzaile Corpus Christiko Eusko Etxeko lehendakari den Olga Leiciaga euskal-argentinarra lagun izan dutela.
Leiciagak bi aldeak jarri ditu harremanetan, elkarrekin partaide mbya-guarani komunitateko kideek euren artisautza erakutsiko duten topaketa batean. Bertakoen artean, han izango dira, besteak beste, "Chapá 'i" komunitateko Celeste Itatí Brizuela andrea, Antonio Morínigo Ychonguy komunitateko kazikea, bertako Turismo Eskolan lan egiten duen mbya irakasle bat eta "Tavá Mirí" komunitateko Germán Acosta kazikea. Badira urte batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza solidarioa honaino iritsi zela, bertako haurrak ikasle dituen 44. eskolako gelak eraikiz. Topaketa urriaren 26an egingo da, Eusko Etxean.
Bidaiaren zati turistikoenean, taldeak Argentinako paraje natural bikainenetako batzuk ezagutuko ditu, hala nola Iguazu, San Inazioko Misioaren hondakinak; Purmamarca eta Humahuacako 'quebrada' Saltan, Jujy probintzian; glaziarrak Calafaten; Beagle kanala eta Munduaren Amaierako Trena Ushuaian; baleak ikustera irtengo dira Puerto Madrynen, eta, horrez gain, Bahia Blancara era joango dira, ia 2019ko Euskal Argentinar Aste Nazionalean parte hartzera.
Azken honi dagokionez, Buenos Aires probintziako hego-ekialde kostaldean dagoen Bahia Blancan, partaide izango dira euskaldunek Ameriketako Hegoaldeko Konoko herrialdeetan egiten duten festa eta elkarretaratze nagusian, 2019an Bahia Blancan antolatua hiriko Euskal Etxea aurten 120 urte betetzen ari delako. Bahian, Oñatiko (Gipuzkoa) Ganbara Koruko kideekin bilduko dira, hauek ere Argentinan bisitan eta kantari Euskal Asteko programaren barruan. Izan ere aste horretako ostegunean bi taldeek elkarrekin afalduko dute Euskal Etxeko jatetxean, abesbatzak liburutegian emango duen kontzertuaren ostean. Taldea asteazken arratsaldetik igandeko azken bazkarira arte egongo da Bahia Blancan.