Hiriko Hezkuntza Katolikoaren Eskolako bigarren mailako ikasleek gonbidaturik bisita bat egin zieten Guillermo Larregui-ko Pablo Pavesak eta Anibal Izurietak eskolako neska-mutilei euskal kulturaz mintzatzeko. Azalpena bukatu eta gero dantzatzera ere animatu ziren umeak, euskal etxeko dantza taldearen parte diren kurtsoko bost neskatxok adoretuta.
Chacabuco, Argentina. Oso ohikoa ez den aukera bat izan zuten Guillermo Larregui euskal etxe chacabucotarrekoek. Ikastetxeko agintarien onespenarekin, Hezkuntza Katolikoko Eskolako bigarren mailako ikasleek gonbidatu zituzten euskal etxeko kideak euskal kulturari buruzko klase bat ematera. Euskal instituzioko lehendakari Pablo Pavesak EuskalKultura.com-i azaldu dion legez, “Badaude kurtso horretan euskal etxeko dantzan taldean dantzatzen duten neska batzuk. Jakinmin handia piztu du horrek gainerako neska-mutilen artean eta hori dela eta luzatu ziguten gonbitea”.
Euskal kultura ezagutarazteko eskola oso eremu egokia delakoan, honako gai hauek aipatu zituen Pavesak: Euskal Herriko geografia, musika, hezkuntza, ohiturak, historia eta gaurko egoera. “Eta ikasleek ez ezik, kurtsoko irakasleek ere arreta handiz jarraitu zituzten azalpenak”, adierazi digu euskal etxeko lehendakariak.
Azalpena bukatuta, dantza saio bat antolatu zuten Chacabucoko eskolan. Hasteko, Pavesa eta Izurietak ‘Agurra’ dantzatu zuten bildutakoen omenez. Segidan, neska-mutilak gonbidatu zituzten Uztai Dantza egiten saiatzera; eta dantza saioa ixteko, eskolako ikasle diren euskal etxeko dantzariek Zazpi Jauzi erakutsi zieten beren ikaskideei. Bisita bukatu eta anfitrioiek ‘agur’ esateko, ikasgelan hasi eta eskolako patioan bukatu zen kalejira bat osatu zuten, partaide euskal etxeko lagunak, ikasleak eta irakasleak.