euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Esan Ozenki diskoetxe historikoaren katalogoa sarean entzungai; Muguruza Donostia eta Mexikoko zinemaldietan

2011/09/21

Aurreko edizioan ere Mexikoko DOCS DF jaialdian izen zen Fermin Muguruza (argazkia www.muguruzafm.com)
Aurreko edizioan ere Mexikoko DOCS DF jaialdian izen zen Fermin Muguruza (argazkia www.muguruzafm.com)

PUBLIZITATEA

Egun desagertua den Esan Ozenkik Negu Gorriak talde famatuaren lanak plazaratu zituen, besteak beste. Orain, bere sorreraren 20 urteurrena dela eta, sarearen bidez zabalduko da diskoetxearen katalogoa eta musikazaleek streaming bidez doan entzun ahal izango dute. Diasporako euskaldunen artean zale asko ditu Negu Gorriak taldeak, batez ere Argentinan eta Mexikon. Eta azken herrialde honetan, hain zuzen, izango da hil honen hondarrean Fermin Muguruza musikaria, Mexiko Hiriko Dokumental jaialdian 'Next Music Station' saila aurkezten. Eta aste honetan Donostiako Zinemaldian.

Donostia-San Sebastián. Spotify musika zerbitzuan entzungai dago jada Esan Ozenki euskal zigiluaren katalogo ia osoa. Esan Ozenki 1991an sortu zen eta Negu Gorriak taldearen 'Gure jarrera' bigarren diskoa izan zen argitaratu zuen lehen lana. Harrezkero talde honen eta beste zenbait talde euskaldun eta nazioartekoen lanak plazaratu zituen, hamar urteren buruan desagertu zen arte. Orain, sarean jarri dituzte kantu horiek.

Diskoetxeko arduradunek Berria egunkariari azaldu diotenez, kantuak Spotify zerbitzuan soilik izango dira eskuragarri lehen asteetan, zaleek streaming moduan entzun eta goza ditzaten. Ondoren beste 23 atarira zabalduko dituzte. Lehen aste hauetan, eta berria zabaltzen laguntzeko, jolas bat proposatzen du Spotifyk: lau musikari eta adituk osaturiko playlist edo kantu zerrendak egin dituzte, zaleei ikusmiratu eta entzuteko aukera emanez. Lau lagun hauek Fermin Muguruza musikaria eta Jon Eskisabel, Roberto Herreros eta Xavier Cervantes musika kazetariak dira.

Muguruza Donostian eta Mexikon

Kanpaina honetan parte hartzen duen bitartean, Fermin Muguruza kantaria zinema munduan murgilduta ibiliko da. Azken urteetan musika eta dokumentalak uztartu ditu irundarrak eta gaur arte 'Next Music Station' saileko 'Libano' atala ikusgai izango da Donostiako Zinemaldiko emanaldi berezietan.

'Next Music Station' Al Jazeera telebista katearentzako eginiko dokumental saila da eta bertan mundu arabiarreko musika-errealitatearen soinu-mapa egin du musikariak. Programazioa eta emanaldien ordutegia, hemen.

Donostia utzi eta hilaren hondarrean Mexiko hirian izango da Muguruza. DOCS DF Dokumental jaialdian parte hartuko du eta bertan aurkeztuko ditu saileko sei atal, 'Next Music Station' izenburudun sail berezian. Jaialdi honetan, gainera, 'Suena mi Mundo' izeneko atala ere zuzentzen du gipuzkoarrak.

DOCS DF Dokumental Zinemaldia irailaren 29tik urriaren 9a bitartean egingo da Mexiko DFn eta inguruetako beste 80 gunetan. Programazioa eta emanaldien ordutegiak, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia