euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ertza euskal taldea Grezia eta Frantziara, 2007a Peru, El Salvador, Costa Rica, Mexiko eta Errusian bukatu ostean

2008/02/04

Asier Zabaleta, Ertza taldeko koreografoa
Asier Zabaleta, Ertza taldeko koreografoa

PUBLIZITATEA

Ertza dantza garaikide taldea nazioartean ibilbide arrakastatsua egiten ari da aspaldion eta datorren martxoan ere Europako beste puntan ariko da, emanaldia eskainiz Atenasen, (Grezia) eta ondoren Dijonen (Frantzia). Asier Zabaleta dantzari eta koreografoak zuzentzen duen talde honek sasoi onean bukatu zuen 2007a ere, 'EGO-tik' lana Peru, El Salvador, Costa Rica, Mexiko eta Errusian aurkeztuz itxi baitzuen urtea.
Ertza dantza taldeak erritmo eta dantza garaikideen uztardura munduko agertokietan erakusten jarraituko du 2008an. Otsailaren 23 eta 24ean Madrilen aurkeztuko dute 'Ostrukaren zuloa' lana, eta martxoaren 1ean, berriz, Elorrion. Martxoaren 8an ostera, 'EGO-tik' ikuskizuna izango da Donostian taularatuko dutena. Martxo bukaeran taldeak bi emanaldi egingo ditu Grezian eta Frantzian: 23an Atenasen izango dira 'EGO-tik' lanarekin eta 29an Dijongo 'Les Cyclopédies' jaialdian 'Ostrukaren zuloa' aurkeztuko dute.

Euskal taldeak iaz egin zuen ibilbide arrakastatsuari jarraipena emango dio beraz, izan ere 2007a Ameriketan eta Errusian egindako nazioarteko birarekin bukatu baitzuen. Bira Liman, Perun, hasi zuten abenduaren 5ean, 'EGO-tik' lanaren emanaldiarekin. Jarraian El Salvadorreko hiriburuan, San Salvadorren, izan ziren eta ostean San Josen (Costa Rica) eta Mexiko DFko Teatro de la Alameda Central-en. Bira munduko beste muturrean bukatu zuten, Errusian, Moskun eskainitako bi emanaldiekin.

Dantza, zinea, inprobisazioak...

Taldeko burua, Asier Zabaleta, 1972ko ekainaren 3an jaio zen Ezkion (Gipuzkoa). 1994tik Arteszena, Adeshoras, Compañía de Vicente Saéz, Hojarasca, Q-ro y cía eta Maskarada konpainietan aritu da. 1999tik 2004eraino Suitza-ko Alias konpainiako kide izan da. Talde horrekin, sei antzerki-dantza lanen sortze lanetan eta beste hainbat proiektu paralelotan ere parte hartu du, tartean filmak, erakusketak, inprobisazioak, eta abar.

Interprete eta koreografo lanak tartekatuz, ondorengo lanak taularatu ditu: "Danada" (1998) eta "Belaki efektua" (1999) Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin sortuak koreografo berrien erakusketarako, "EGO" (2003) Bit-art-en ekoizpena eta "10MASDANZA" Gran Canaria-ko festibalean lehen saria irabazi zuena, "EGO-tik" (2004) Eusko Jaurlaritzaren eta Suitza-ko Loterie Romande-ren laguntzekin sortua eta "Babia" (2005) Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.


Lotura interesgarriak

Ertza taldearen webgunea
www.ertza.com

'Ego sobre el escenario'
El Salvadorreko prentsan argitaratutako artikulu bat


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia