euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erromeria herrikoi batek ezarriko dio azkena larunbatean Necochean San Inazioren ohoretan eginiko programari

2007/08/14

Necochea generalaren monumentuan dantzariek eginiko lore-sorta eskaintze eta omenaldiko unea
Necochea generalaren monumentuan dantzariek eginiko lore-sorta eskaintze eta omenaldiko unea

PUBLIZITATEA

Euskal santu honen ohorez eginiko ekitaldi sorta ekainaren 25ean hasi zen, bertako euskal etxetik jakin arazi denez, Ismael 'Cacho' García pilota txapelketarekin, ondoren 30ean sorgiñaren erretzearekin segitzeko, San Fermin festa eta Independentziaren Egunarekin uztailaren 7an eta Lagunaren Egunarekin uztailaren 20an, hori guztia San Inazio hitzordu nagusira iritsi arte uztailaren 31ean, San Inazio diana, ekitaldiak eta omenaldiak barne. Geroztik, abuztuaren 4an San Inazioren ohorezko Afari eta Dantzaldia egin dira, eta herenegun Aitonei eskainitako jaia. Gaur, berriz, Moda desfilea heldu da, 'Gazte Alai'koen eskutik, eta programa datorren larunbatean bukatuko da, Euskal Etxeko dantza talde guztien parte hartzearekin, segidan erromeria batek guztiari azkena emateko.
Ospakizun nagusia San Inazio egunekoa izan zen, uztailaren 31ean, eta programaren baitan eguna 'Alai esnatzia'-k (sic) edo gaztelaniaz Alegre despertar deituriko diana bereziak eman zien hasiera urte guztiz santu euskalduna ohoratzeko uztailaren 31ean deitutako hitzorduei. Zertan den 'Alai esnatzia'? Euskal Etxeko kideen etxeetara joatea da, haiek etxez etxe musika eta dantza sorta batzuez agurtzeko ospakizun orokorrerako gonbitea eginez.

[Necocheako euskal komunitateko hainbat kidek osatutako kalejira trikitixaren doinuak lagun kalerik kale heldu zen Necochea generalaren omenezko oroitarrira eta bertan, agintariek, hiriko alkatea eta Euskal Etxeko ordezkariak buru, lore eskaintza egin zioten hiriari izena eman zion generalari, dantzari eta musikariek edertutako ekitaldi koloretsuan]

Hamaikak ondoren, euskal komunitateko kide eta lagun multzo polita bildu zen Necocheako Udaletxera, Daniel Molina alkatea eta bere gobernu-taldekideak agurtzeko. Jai giro kutsakorrean, Euskal Etxeko dantzariek dantza exhibizio bat egin zuten Udaletxeko hall-ean, alkatea bera, funtzionariak eta une hartan bertan zeuden hainbat herritar arrunt ikusle eta, begiekin bederen, baita dantzari ere.

Segidan, ekintza Dardo Rocha plazararen erdiraino pasatu zen eta bertan agintariek lore-sorta utzi zuten Mariano Necochea generalaren oroitarriaren aurrean. Gauza bera egin zuten ondotik Necochea fundatu zuen on Angel Ignacio Murga-ren estatuaren aitzinean, 58 eta 61 karriken artean. [Ezkerreko argazkian, Necocheako intendente edo alkatea, Daniel Molina, eta Euskal Etxeko alkate-ohi Zilda P. de Balsategui lore sorta Necochea generalaren oroitarrian uzteko zeremonian]

Horren ostean, Gernikako Arbolaren kimuaren ingurura aldatu zen hitzordua, Dardo Rocha plazan, hemen ere lore-sorta bat uzteko, oraingoan mundu osoan euskaldunen eta euren askatasunen ikur den haritz honen magalean. Necocheako leku pribilegiatu honetan Gernikako Arbolaren oinean den harrizko plakak honako hitzak dakartza, erdaraz: 'Gernikako Haritzaren Kimua, Euskal Askatasunen Ikur, Necocheako Euzko Etxea'.

[Necocheako euskal etxeko dantzariak, urtero San Inazio eguneko programaren barruan Buenos Aires probintziako kostako herri honetan hazten den Gernikako Arbolaren kimua ohoratzeko egiten duten ekitaldian]

Eguerdia pasata, euskal multzoa Txoko Txikin bildu zen. Arratsaldez, azkenik, zazpietan, Loiolako San Inazioren ohorezko meza egin zen Karmengo Amaren parrokian, euskal santuaren egitarauari amaiera ipiniz.

'Festarik garrantzitsuena'

Bertako 'Ecos Diarios' egunkariarekin hizketan, Necocheako Euskal Etxeko lehendakariordeak, Jose Alustizak, argitu zuen 'Loiolako San Inaziorena dela gure elkartean antolatzen duen ospakizunik garrantzitsuena'. Euskal Etxea duela 60 urte baino gehiago sortu zela esan zuen, eta gaur egun zazpirehun bat bazkide dauzkala, azpimarratuz ondotik, harreman azkarrak dauzkatela Argentinako euskal etxe guztiekin eta baita Eusko Jaurlaritzarekin ere.

'Gure Euskal Etxea Argentinara, Necocheara etortzea erabaki zuten euskaldun guztien biltoki sortu zen', aitortu zuen Alustizak, balio handia emanez 'gazte asko' dituen elkartea izanari, 'gauza oso ona baita hori etorkizunaz pentsatzen'.


Lotura interesgarriak

Necocheako Euzko Etxea Euskal Etxea
www.euzkoetxea.com.ar

TVko Ariel Rodríguez Palacios sukaldaria Necocheako Euzko Etxean
2007ko uztailaren 16an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Necocheako euskaldunek su eman zioren sorginari
2007ko uztailaren 5ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

Hipolito Zubillaga Iturralde hil da Necochean
2007ko otsailaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Necocheako danborradak San Sebastian ospatu zuen
2007ko urtarrilaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana

Iazko San Inazio jaia Necochean
2006ko uztailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia