euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kezkatuta daude Erromako UPTER Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura sailean euren etorkizunaz

2011/05/19

UPTERek eta Erromako Associazione Culturale Euskara elkarteak iaz egin zuten Euskal Astearen afitxa
UPTERek eta Erromako Associazione Culturale Euskara elkarteak iaz egin zuten Euskal Astearen afitxa

PUBLIZITATEA

Erromako UPTER Unibertsitateko Euskara sailak idazkia bidali dio EuskalKultura.com-i, Etxepare Institutuarekin lankidetza hitzarmenaren inguruan izan dituzten desadostasunak agertuz. "Oso zaila gertatzen zaigu gaur egun Etxepare Institututik entzuten ditugun argudioak ulertzea, hau da, titulazio akademikorik eta 'maila' unibertsitari akademikorik ematen ez duen eredua ez dela haien prioritate, eta Etxepareren laguntzetatik at geratuko garela 2012 urtean", diote. Etxepareko Euskara Sustatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregik, berriz, institutuak unibertsitate barruko irakurle figura indartzeko asmoa duela baieztatu du eta, UPTERek burutzen dituen ekintza interesgarriak aintzat hartzen dituztelako, hitzarmena birformulatzeko bideak bilatzen ari direla azpimarratu du.

Erroma, Italia. Erromako UPTEReko (Universitá Popolare di Roma) Euskara Sailetik idazkia bidali dute EuskalKultura.com-era, azkenaldian Etxepare Institutuarekin dauzkaten desadostasunen berri emanez. Idazkian 2002. urteaz geroztik egindako lana defendatzen du UPTEReko Dipartamento di Lingua e Cultura Basca sailak (DLCB): "UPTER Euskal Sailak kultur programazio kostantea mantentzen du urte guztian zehar: euskara eskolak, zinea, antzerkia, musika kontzertuak, poesia asaioak, dantza ikastaroak, kultur ekimenak, liburu aurkezpenak... Hauez gain bai eta itzulpenak ere, azpititulazioak, seminarioak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, ikerketa proiektuak, web gunea", gauzatzen dituztela oroitarazten dute.

Azken urteotan Eusko Jaurlaritzatik heltzen zaizkien laguntzen murrizketa jasan dute. "Orain dela 2 urte arte 27.000 euroko dirulaguntza jasotzen zuen [DLCBek] Eusko Jaurlaritzatik. 2009 urteko urrian, garai hartako Euskara Sustatzeko Idazkari berriak esan zigun ez genuela euskara ikasle nahikorik eta dirulaguntza erruz murriztuko zigutela". Horri erantzuteko DLBCk Euskanta proiektua abiatu zuen eta 2009-2010 ikasturtean 60 bat ikasle izan zituela mahaigaineratzen du.

"Baina hala eta guztiz ere, 27.000tik 23.000 eurotara jaitsi ziguten dirulaguntza. Hurrengo ikasturtean (2010 – 2011) Etxepare martxan ipintzen da. Eta nahiz eta guk ikasle kopuru handia izan eta gure programazioa oso zabala, eta proiektu sendoa, 23.000tik 21.000 eurora jaitsi digute dirulaguntza", azpimarratzen dute.

Etxepare Institutuko Mari Jose Olaziregirekin harremanetan jarrita, bestelako ikuspuntua agertzen du. "Etxeparek ez du UPTEReko Euskara Sailaren aurrekonturik murriztu. 2009-2010 urtean UPTERek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin sinatu zuen hitzarmena 21.000 eurokoa zen. Etxeparek iaz hitzarmen horri jarraipena eman baino ez zuen egin", azaltzen du.

Etorkizunari begira aldaketak izango direla onartzen du Olaziregik. "UPTERrekoa ez da irakurlego ohiko bat. Ikastaro bereziak eskaintzen ditu eta egia da Etxepareren asmoa unibertsitateen barruko irakurleak sustatzea dela. Etxeparek diru publikoa erabiltzen du eta kontu handiz erabili behar dugu. Diru hori bi moduz bidera dezakegu: irakurlearen soldataren bidez eta irakurletzak sustatzen dituen ekintza kulturaletarako", dio Olaziregik.

UPTER unibertsitate popularra izaki, eta ikasleria heterogeneoa duela onartzen du DLBCk, baina hori, arazotzat  baino aberasgarritzat jotzen dute. "UPTEReko ikasleak oso profil desberdinekoak dira: gaztetxoak, adin ertainekoak, hirugarren adinekoak, unibertsitate ikasketak egin dituztenak batzuk, baina baita ere etorkin etorri berriak, paperik gabeko jendea, doktoretza egina duen edo egiten ari diren ikerlariak... Denak ongi etorriak" dira, dio UPTEReko euskal sailak. "Dibertsitate hau arazo bezala ulertzen du Etxepare Institutuko zuzendaritzak. Guretzat ordea, altxor paregabea da".

DLCBk honakoa azalduz segitzen du: "Atzerrian euskara  eta euskal kultura irakastea/erakustea zer den hausnartzea izan da gure eginkizunen iparrorratza, eta uste dut esperientzia ederra metatu dugula zentzu hortan. Horregatik oso zaila gertatzen zaigu gaur egun Euskara Sustatzeko Idazkaritzatik, Etxepare Institututik, entzuten ditugun argudioak ulertzea, hau da, titulazio akademikorik eta 'maila' unibertsitari akademikorik ematen ez duen eredua ez dela haien prioritate, eta Etxepareren laguntzetatik at geratuko garela 2012 urtean" entzutea.

Mari Jose Olaziregik, bere aldetik, Etxepare Institutuak gaia bideratzeko gogo argia duela azpimarratu nahi izan du: "Etxeparek izugarri baloratzen du UPTERek egiten duen lana eta ekintza oso interesgarriak direla uste dugu. Horregatik gure nahia lankidetza hau birmoldatzeko bideak aurkitzea da", laburbiltzen du Olaziregik. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia