euskal diaspora eta kultura
2011/06/15
PUBLIZITATEA
Erroma, Italia. Associazione Culturale Euskarak eta UPTER Unibertsitateko Euskara Sailak Euskanta 2011 CDa aurkeztu zuten joan den ostiralean Erromako Scuola Elementare Alfieri eskola publikoan. Eskola honetako 9-10 urte bitarteko 50 ikaslek, zenbait heziketa berezikoak, egitasmoan parte hartu dute urtean zehar eta emaitza esku artean izateko irrikitan zeuden. Neska-mutilekin batera euren gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak... etorri ziren; orotara 200 bat lagun eta aretoa jendez lepo, kantuak lehen aldiz entzuteko zain.
"Emaitzak aurten ere bellissimi-ak izan dira. Inoiz kantu bat egin izan ez duten gazteak bapatean musikari sentitu dira", agertu dio EuskalKultura.com-i ACEko kide eta egitasmoko partaide den Alex Mendizabal musikariak. "Emozio handiko ekitaldia izan da. Dozenaka haur, inoiz Euskal Herrian izan gabeak, inoiz euskararekin zerikusirik izan ez dutenak ... euskaraz kantuka! Gogoratzeak ere emozioz dardar ipintzen nau", aitortzen du.
Kantuak betirako gogoan
Abestien aurkezpenean asko gozatu zuten gazteek, eta kantuan aritu ziren."Jakina, bakoitzak bere kantua buruz gogoratzen du, baina gogoratzen ditu askotan bere lagun minenak ere; eta gehien gustatu zaizkion kantuak, seguruenik. Eta seguru aski gerora kantu guztietatik zeozer gogoratuko du, betirako gogoratuko!", emendatzen du Mendizabalek.
Euskal kultura italiar gazteengana helarazteko ekimen honek haurren gurasoen jakinmina ere piztu zuen, Mendizabalen esanetan: "Hainbat eta hainbat guraso etorri zitzaigun zoriontzera, galdezka, komentarioak egitera", onartzen du .
[Euskanta 2011ko kantu baten testua, ikasleak egin zuen marrazkiarekin]
Poeta eta kantari, euskaraz!
Urtean zehar prestatu dute CD hau Alfieri eskolako ikasleek, ACE eta UPTEReko Euskara Departamentuko kideen laguntzarekin. Gazte bakoitzak testu bat idatzi zuen, italieraz, eta ondoren bikoteka jarri eta bi testuak bakarrera moldatu behar izan zituzten.
"Guk testu horiek euskarara itzuli genituen, eta berehala bikote bakoitza musika baseak konposatzen eta grabatzen hasi zen", azaltzen du Mendizabalek. "Baseak eginda zeudenean, euskarazko testuak hartu eta pixkanaka melodiak asmatu eta musika haien gainean grabatu zuten. Eta ez pentsa gauza horren erraza denik!".
CD bikoitza eta liburua
Emaitzak kantu orijinal eta xarmangarriak dira; eta mundua gaztetxo hauen ikuspuntutik ikusteko aukera ederra ematen dute: tarteka barregarri, batzuetan alai, zenbaitetan triste eta gehienetan poetiko. Ekimenean parte hartu duten 50 ikasleek Euskanta 2011 CD bikoitza eta testu guztiak biltzen dituen liburua jaso zuten. Liburuak jatorrizko italierazko testuak eta bikote bakoitzak erabili duen euskara-italiera hiztegitxoa ere jasotzen ditu, ikasleek eginiko marrazkiekin batera.
ACEk eta UPTER Unibertsitateko Euskara Sailak kantuak sarera igoko dituzte aurki, baina nahi duenak sarean entzun ditzake iazko egitasmoko emaitzak: Euskanta 2010-eko kantuak (iazko testuen liburua ere).
Zorionak ekimena sortu, bultzatu eta bigarren urtez gauzatu duten Alex Mendizabal eta Erromako ACE eta UPTEReko Euskara Saileko lagunei!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus