euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erromako Associazione Culturale Euskara-k euskal dantza ikastaroa hasiko du datorren ostegunean

2010/05/10

Associazione Culturale Euskarak iaz antolatu zuen ikastaroko irudia
Associazione Culturale Euskarak iaz antolatu zuen ikastaroko irudia

PUBLIZITATEA

Iaz lortutako arrakastaren ondotik euskal etxe erromatarra berriro ere animatu da eta heldu den ostegunetik hasita, ostegunero eta ekainaren 17ra arte euskal dantza herrikoiak irakatsiko ditu, Erromako Unibertsitate batean ikasle ari den Maite Olaetxea dantzari etxalartarraren eskutik, Italia eta Munduko Dantza Tradizionalen 'Circolo Gianni Bosio' Eskolan. Ikastaroaren amaieran, duela urtebete egin bezala, Trikipoteo batera deituko du Associazione Euskarak, bost saiotan zehar ikasitakoa festa giroz eta elkarte osoa partaide gauzatutako ekitaldi batez amai dadin.

Erroma, Italia. Associazione Culturale Euskara di Roma elkarteak --hiriburu italiarreko euskal etxeak-- deitu duen ikastaroak pare bat orduko bost saio bilduko ditu aurtengoan ere, ostegunero aste honetatik hasita, maiatzaren 13 eta 27an (20ean ez da eskolarik izango) eta ekainaren 3, 10 eta 17an, gaueko 7:30etatik 9:30ak arte. Maite Olaetxea dantzari etxalartarra irakasle, Italia eta Munduko Dantza Tradizionalen 'Circolo Gianni Bosio' Eskolan izango dira, hiriko Via di San Ambrogio 4 helbidean.

Ikastaroa gidatuko duen irakaslea, Maite Olaetxea, gaztea den arren --22 urte ditu-- eskarmentu handikoa da dantza kontuetan, txikitandik aritu baita dantzari herriko taldean, haur taldean lehenik eta helduenean ondoren, eta halaxe segitzen du Erromatik ere, udan etxera itzulitakoan --ikasle ari baita gaur egun Erroman bizitzen-- abuztuaren 15eko dantza ekitaldietan parte hartuko duela hitza emana baitu dagoeneko. Etxalarren dantzatzen diren dantza herrikoietatik abiatu eta hortik Euskal Herriko gainerako eskualde eta lurraldeetako dantzak ikastera pasatu zen.

"Bestetako dantza herrikoiak"

Maitek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, "Erroman egingo dugun dantza ikastaroan [herriko bestetan dantzatzen diren] dantza herrikoiak ikasiko ditugu. Dantzen munduan hasteko biderik hoberena iruditzen baitzait. Horrela noizbait Euskal Herriko plazaren batean musika jotzen aditzen badute, zerbait dantzatzen jakingo dute, hala nola arin-arin eta fandangoa, zazpiak bat, axuri-beltza, zortzikoa, txapeloa, muxikoak.... Dantzak ikastea euskal kultura zabaltzeko modu errex eta dibertigarria dela uste dut. Beraz, Erroman bada ere, zergatik ez ikasi?", galdetzen du dantzari etxalartarrak.

Aldi berean, Associazione Culturale Euskaratik, Viviana Tomasettik azaltzen duenez, "bigarren aldia dugu hau euskal dantzak irakasten. Iaz hasi ginen, data hauexetan gutxi gora behera, arrakasta polita bereganatu zuen bost saioko ikastaro batekin eta ekainean bukatu genuen, trikipoteo bat eginez. Aurten ere gauza bera egiteko smoa daukagu. Programaren xehetasunak finkatzen ditugunean adieraziko dizuegu", bukatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia