euskal diaspora eta kultura
2010/12/01
PUBLIZITATEA
Erroma, Italia. Abendu osoan zehar Erromako Asociazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak kultur egitarau mardula eskainiko die erromatar herritarrei, Italiako hiriburuan euskal kultura ezagutzera eman eta sustatzeko helburuarekin. 'EHRoma-Roma Basca 2010' izeneko jaialdia UPTER Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura sailarekin lankidetzan antolatu du ACEk.
Egitaraua abenduaren 9tik 18a arte luzatuko da, baina euskarari buruzko ekitaldiak ostiral honetan bertan hasiko dira Italian, ACEk Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta bazkide, lagun eta erromatarrei oro har jai hau ospatzeko ekintza bat proposatu baitie, euskardun izan ala ez: euskaraz mezu bat bidaltzea, izan e-maila, SMSa, telefono deia... Elkarteak euskara komunikatzeko erabiltzeko gonbitea egiten die italiarrei. Horretarako ACEren webgunean dauden italiera-euskara hiztegia eta gainerako baliabideak eskaintzen dizkie esaldiak eta mezuak euskaratu ahal izateko. Horrez gain, bidea gehiago erraztu nahi dutenentzat ere, nahi duenak mezua italieraz idatzi ahal izango du eta info@euskara.it helbidera bidali, eta esaldia euskaratuta itzuliko diote.
Pintxoak eta hip-hop kontzertua
'EHRoma-Roma Basca 2010' hil honen 9an abiatuko da, Le Mura klubean (Via di Porta Labicana 24, San Lorenzo) egingo den jaiarekin. Festa gaueko 21:00etan hasiko da, Iraia Txurruka sukaldari durangarrak prestatuko duen pintxo dastaketarekin. Gauean zehar euskal argazki eta bideo emanaldiak egingo dituzte eta Euskal Herriko musika jarriko dute klubean.
Abenduaren 10ean, ostiralean, hip-hop kontzertua antolatu du ACEk La Strada Kultur Gunean (Via F. Passino 24, Garbatella) 21:30etan. Nazioarteko musikariek parte hartuko dute: hor izango dira La_Omega eta dj Rubyreal (Euskal Herria), Blime (Euskal Herria), Cuentas Claras (Kuba) eta Bestie rare (Erroma). Gonbidatu berezia Militant A (Assalti Frontali) izango da.
Palestina, musika eta poesia
Astelehenean, abenduaren 13an, 'Hizkuntza, kultura eta politika Etnolurraldeetako mobilizaziotan' hitzaldia eskainiko dute 'Casa delle Culture' aretoan Euskal Herriko eta Italiako hainbat adituk. Esan nahi baita Zoe Bray, antropologa, European University Institute di Fiesole-koa; Aizpea Leizaola, antropologa, Euskal Herriko Unibertsitatekoa; Carlo Pala, politologoa, Università di Cagliari-koa; Gianmarco Serra, idazle e documentalista. Moderatzaile, Marco Santopadre, Radio Città Aperta irratiko zuzendaria arituko da.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da ekitaldia. Hurrengo ekitaldia, abenduaren 16ean, ostegunean izango da, To shoot an elephant dokumentalaren emanaldiarekin (Cinebistrot Off!cine, 20:30etan). A. Arce eta M. Rujailah zuzendarien lanaren emaitza hau 'Palestina nel cuore' komitearekin elkarlanean antolatu du ACEk. Ondoren 'Palestina: una terra cancellata dalle mappe. Dieci domande sul sionismo' liburuaren aurkezpena eta eztabaida egingo da.
Bukatzeko, abenduaren 17 eta 18an Harkaitz Cano idazlea eta Xabi San Sebastian musikaria izango dira Erroman, poesia eta musika ikuskizun bat eskaintzeko. Ostiralean, 17an, 'Ahotsetan' izenburua duen irakurraldi musikaduna egingo dute 'Beba do samba' aretoan (Via de Messapi, 8, San Lorenzo), 20:30tan. Larunbatean, 18an, Rita Iacomino italiarra batuko zaio Canori eta poesia irakurraldia egingo dute, euskaraz eta italieraz. Ondoren Xabi San Sebastianek kontzertua eskainiko du. Emanaldia 19:00tan hasiko da, Libreria Flexi (Via Clementina 9) liburudendan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus