Musikarekin eta euskararekin harreman berezia du Erromako Associazione Culturale Euskara elkarteak eta bere ekimenetan biak uztartzea lortzen du askotan. Aurtengo ENE sariaren irabazleak sei urte daramatza dagoeneko Euskanta izeneko proiektua sustatzen, hau da, erromatarrei abestiak euskaraz sortu eta produzitzeko aukera ematen. Orain arte umeak izan dira protagonista; aurten, aldiz, Lanuvio herriko zentro okupazionaleko lagunak. Emaitza entzun nahi? Segi irakurtzen!
Erroma, Italia. Iragan abenduaren 21ean aurkeztu zen Lanuvio herriko Zentro Okupazionalean Euskanta 2015 proiektuaren emaitza. Associazione Culturale Euskara (A.C.E.) elkarteak eta ROMA3 Unibersitateko Euskal Sailak sustatzen duten ekimen honetan, euskal etxeak baliabideak eskaintzen dizkie erromatarrei eurek abestiak sortu eta produzitu ditzaten, eta gainera euskaraz!
Lehenengo bost ediziotan, proiektua Erroma hiriko eskola publikotan burutu da, laugarren eta bostgarren mailako gaztetxoekin. Aurtengoa, aldiz, leku berezi batean: Lanuvio herriko Zentro Okupazionalean. "Helduak dira egunero hara doazenak eta haiek egin dituzte kantuok. Ondoren zentroko langileek ere haien kantua egin dute", azaldu dio EuskalKultura.com ACEko Alex Mendizabalek.
Testuak euskaraz
Ekimen zinez berezia da, izan ere, partehartzaile bakoitzak kantu bat idazten, konposatzen, jotzen, grabatzen eta moldatzen du. Kantuak euskeraz dira, eta horretarako ACEko eta Euskara Saileko kideek itzulpenak egiteko laguntza eskaintzen dute. Euskanta 2015ek HABE-ren laguntza du.
"Parte hartzaileek berso edo apur bana eman dute. Hortik 5 testu etorri dira. Testu hauek euskaratu ditugu eta hiztegitxoa egin. Ondoren, orden-gailu, teklatu eta mikro batekin, musika egiten hasten dira: instrumentu bat aukeratu, musika esaldi bat egin. Beste instrumentu bat eta beste musika zati bat, eta abar. Lan honekin kantuaren musika instrumentala burutu dute. Eginiko musika horrekin, euskarazko testuak kantatu dituzte, konposatu eta grabatu", azaldu du Mendizabalek.
Berara joan nahi
Ekimen honetan parte hartu duten lagunek ez dakite euskararik, baina badute ordea Euskal Herriarekin konexio berezi bat. "Joan urtetan, zenbait proiektu konpartitu izan dute Lanuvioko zentroak eta Nafarroako Bera herriko Uxane zentroak", agertu du Mendizabalek. "2009. urtean Beratik talde osoa etorri zen Lanuviora, aste beteko bisitan, hainbat egitasmo burutzera. Maiz esaten dute kantu hauen egileek, atsegingo litzaiekela Berara joatea. Nahi bai! Baliabideak lortu behar baina".
Euskanta proiektuko kantu, testu eta marrazki guztiak (2010, 2011, 2012, 2013, 2014 eta 2015) sarean dira eskuragarri www.euskanta.wordpress.com blogean.