euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erroibarreko seme-alaba eta ondorengo amerikanoen zuzi biziak indar berriak hartu zituen Nevadako Gardnervillen

2007/09/18

Joan den iraileko 8an Gardnervillen bilduriko erroibartarretako batzuk (ikus beherago argazki osoa)
Joan den iraileko 8an Gardnervillen bilduriko erroibartarretako batzuk (ikus beherago argazki osoa)

PUBLIZITATEA

Orrialde hauetan iragarri bezala, bildu ziren irailaren 8an Nevadako Gardnervillen, bertako Carson Valley Country Club-eko euskal jatetxean, Estatu Batuetako erroibartarrak. Umore ona nagusi eta lagunarteak dakarren txantxa giro jatorra zeriola, ekitaldia sorleku berekoak sustraien inguruan batzeko aukera ederra izan zen, hango eta hemengo kontu zahar eta berrien kontaketan, doaike bihotzak alaitzeko balio izan zuen elkarretaratze politean. Laugarren deialdia eginik, bosgarrena heldu den urterako adostu da, Gardnervillen, iraileko bigarren asteburuan.
Eguna pentsatu bezala joan zen, alimaleko giro onean, txantxak, berriketak, pasadizoak eta kontu xahar eta berriak tarteko, aurtengoan berriz ere Gardnervillen, iaz Pirineo magaleko Sorogainera mugitu ondoren. Irriak eta etengabeko solasak bilakatu ziren Estatu Batuetako erroibartarren laugarren bilkura honetako protagonista. Biltokia, Gardnervilleko Country Clubeko Basque restaurant-a izan zen, eta anfitrioia, anitz urtez bertako nagusi izaniko Jesus Rey bizkarretarra. Berarekin batera, bilkurako antolatzaile Jose Luis Urrutia Bentarrako mezkiriztarra eta ama Mezkirizko Estanko etxekoa zeukan bere emazte Maria (Retegui) Urrutia iruindarra.

[Estatu Batuetako erroibartarren 2007ko bilkurako 'argazki ofiziala'ren lehenengo zatia, Nevadako Gardnervillen irailaren 8an aterea]

[Estatu Batuetako erroibartarren 2007ko bilkurako 'argazki ofiziala'ren bigarren zatia, Nevadako Gardnervillen irailaren 8an aterea]

[Estatu Batuetako erroibartarren 2007ko bilkurako 'argazki ofiziala' bere osotasunean, Nevadako Gardnervillen irailaren 8an aterea]

Elkarretaratzea aita Martxel Tillousek euskaraz eman zuen mezarekin hasi zen, eta haren ondotik bazkariari ekin zitzaion, aipatu Carson Valley Country Club-eko euskal jatetxean, Gardnerville herri ondoan. Bazkalondoan, dantzatzeko euskal aireak eta musika Utah-ko Salt Laketik etorri zen Jean Flesher-ek ekarri zituen, Kaliforniako Fresnotik etorri Panpi Etchechuryk lagundurik.

Leku askotatik bildu ziren erroibartarrak Gardnervillera, baina Kalifornia eta Nevadatik gehienbat. Ilunabarrean, guztien begietan zebilen deialdiaren arrakastaren dirdira. Hitzetara ekarria, bat baino gehiagok ongi baino hobeto laburbildu zuen: 'arras ongi pasatu dugu'. Irriak, umore ona eta errepikatzeko gogoa horren adierazgarri. Izan ere, ezarria baita dagoeneko heldu den urterako hitzordua. Gardnerville berean izanen da, iraileko bigarren asteburuan.


Lotura interesgarriak

Erroibartarrak Gardnervillen eginen dute 2007ko elkarretaratzea
2007ko irailaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

Erroibartarren bilkuraren aurreneko deialdia
2003ko apirilaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana

Erroibarreko (Nafarroa) jakingarriak
www.erroibar.net

Gardnerville eta bere euskal ostatuak
www.basqueheritage.com webgunean

'Swept away in fine Basque tradition'
Basques and Basque restaurants in Gardnerville area


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia