euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erroibarreko seme-alaba amerikanoen laugarren bilera eginen dute gaur AEBetan, Nevadako Gardnervillen

2007/09/08

Jose Luis Urrutia mezkiriztarrak (argazkian) eta bere emazte Maria (Retegui) Urrutia, Kaliforniako Thousand Oaks herrian bizi direnak dira bilkurako antolatzaile (argazkia EuskalKultura.com)
Jose Luis Urrutia mezkiriztarrak (argazkian) eta bere emazte Maria (Retegui) Urrutia, Kaliforniako Thousand Oaks herrian bizi direnak dira bilkurako antolatzaile (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Azken urteotan hasitako ohiturari jarraiki, Estatu Batuetako erroibartarrek beren laugarren bilera antolatu dute gaur Gardnervillen (Nevada), ibar nafarrean sortutakoen eta haien ondorengo amerikanoen bilgarri. Ekitaldiko antolatzaile, Jose Luis Urrutia mezkiriztarra eta ibarrean jatorria daukan bere emazte Maria Retegui iruindarra, gaztetandik Kaliforniako Thousand Oaks-en bizi direnak eta Jesus Rey bizkarretarra. 75-80 bat jende espero dute. Aita Martxel Tillousek emaniko mezak abiaraziko du eguna, bazkari herrikoia izanen da ondotik eta, azkenik, dantzaldia, Jean Flesher eta bere orkestra euskalamerikarrarekin.
Iazkoan elkarretaratzea Erroibarrean bertan, Sorogainen, egin ondoren, Gardnervillera itzuli da aurtengoan Estatu Batuetako erroibartarren bilkura, euskal historia eta ixtorio frango biltzen duen Nevadako Gardnervillera, izan ere urte askotan Bizkarretako Jose Aundie etxeko Jesus Rey erroibartarrarena --Carlos Iribarren doneztebarra bazkide-- izan den Country Clubeko jatetxe euskaldunera. Egitarauari hasiera emanez, euskal meza, goizeko hamaika t'erdietan, aita Martxel Tillousen eskutik, ondoren anaiarteko bazkariari ekiteko aipatu Country Clubeko jatetxean, eguna amaitzeko Far West-eko euskal musikari ezagunenetakoa den --ezagunena ez bada-- Jean Flesher eta bere bandaren musika lagun.

Egunpasaren antolatzaile, Jose Luis Urrutia Mezkirizko Bentarrako erroibartarra eta bere emazte Maria --aita Ariako aetza eta ama Estankoako mezkiriztarra dauzkan iruindarra--, biak aspaldidanik ameriketaratuak eta euren bi seme-alabak, Peio eta Idoya, Kalifornian euskaldun hezi dituztenak, euskara eta guzti; Gardnervillen, senar-emazteak Jesus Rey bizkarretararen lankidetza izan dute, duela hiru bat urte arte berak kudeatzen zuen Country Clubeko lotura eta arreinatzeak berak egin baititu.

Gardnervillen egitearekin, elkarretaratzea, sortu zen lekura itzuli da. Izan ere bere lehenengo bi edizioak hemen egin ziren, Elvira Cenoz mutrikuarrak gobernatzen duen Overland euskal hotel eta jatetxean. Ondoren, iazkoan, sorlekuraino, Sorogaineraino heldu zen, eta aurtengoan bertako Country Clubera moldatu da. Euskal tradizio handia duen herria izanik Gardnerville, hiru euskal jatetxe dauzka, aipatutako biak eta kasta edo arraza ortzaiztarreko Lekumberry (sic) anai-arrebek kudeatzen duten JT (jei-ti ahoskatua). Pasa egun on, erroibartarrak!


Lotura interesgarriak

Erroibartarren bilkuraren aurreneko deialdia
2003ko apirilaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana

Erroibarreko (Nafarroa) jakingarriak
www.erroibar.net

Gardnerville eta bere euskal ostatuak
www.basqueheritage.com webgunean

'Swept away in fine Basque tradition'
Basques and Basque restaurants in Gardnerville area


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia