euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Errenteriako Orereta Abesbatzak zilarrezko bi domina eskuratu ditu Shaoxing World Choir Games 2010-en

2010/07/21

Orereta Abesbatza osatzen duten gazteak, Imanol Elizasu euren zuzendariarekin batera
Orereta Abesbatza osatzen duten gazteak, Imanol Elizasu euren zuzendariarekin batera

PUBLIZITATEA

Errenteriako (Gipuzkoa) Orereta Abesbatzak zilarrezko bi domina eskuratu ditu 'Shaoxing World Choir Games 2010' delako mundu mailako koru elkarretaratzean, Txinako Shaxing-en, Shanghai ondoan, uztailaren 15etik datorren astelehen 26ra bitartean jokatzen ari diren abesbatzen arteko olinpiadetan. 4.000 urte giza historia duen eremu batean kokatua, Shaoxing 2.500. urteurrena ari da ospatzen hiriburu izendatu zutenetik. Orereta Abesbatza Shanghairaino heldu zen atzo asteartea bertako Expon Bilbok duen pabilioian emanaldi bat eskaintzeko eta, aldi berean, Shanghaiko Euskal Etxeko lagunak ere bisitatzeko. Datorren igandean emanaldi berri bat eskainiko du Shaoxing-eko koru bilkuran, oraingoan eliz kantuen alorrean.

Shaoxing, Txina. Orereta Abesbatza Errenteriako Andra Mari Koru Elkarteko parte da --izan ere bertako koru gaztea-- eta pozik adierazi dute bertaratutako iturri errenteriarrek euren taldea bigarren sailkatu dela haur abesbatzen kategorian, Indonesiako Karangturi Choir abesbatzaren atzetik. Folklore alorrean ere bigarren sailkatu dira, beste koru indonesiar baten ondotik hemen ere, Vocalista Paradisso Choir geratu baita lehenengo.

Orereta Abesbatza 13 eta 16 urte bitarteko 42 neska eta 3 mutikoko talde batekin aurkeztu da agertoki txinatar honetara, Imanol Elizasu Kasa zuzendari. Txinara egin duten bidaia honek koru bilkura honetan parte hartzea zeukan lehenengo helburu, baina hori egitearekin batera bisita egin diote Shanghai hirian zabalik den Nazioarteko Expo Azokari, bertako Bilboko pabilioan kantatuz hain zuzen ere, eta baita Txinan dagoen euskal etxe bakarra, Shanghain egoitza duena, bisitatuz eta bazkide eta lagunak agurtuz.

Datorren igandean, uztailaren 25ean, koru talde gipuzkoarrak bigarren parte hartze bat egingo du Shaoxing-eko mundu norgehiagokaren bigarren fasean, oraingoan eliz musika kategorian. Orereta Abesbatza da, Iñaki Tolaretxipik zuzentzen duen Landarbaso Abesbatzarekin batera, euskal abesbatzek Txinako elkarretaratzearen VI. edizio honetara bidali duten ordezkari bakarra.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia