euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erreniega abesbatza nafarra Kuban arituko da apirilean bi kontzertutan eta habanera tailerretan partaide

2011/03/09

Erreniega koraleko kideak
Erreniega koraleko kideak

PUBLIZITATEA

Apirilaren 19tik 29ra izango da Kuban Erreniega korala eta bertako koruekin bi kontzertu eskainiko ditu, Santiagon eta Habanan. Horrez gain talde nafarrak habanera ikastaroa ere egingo du, kantu mota honi izena eman zion hiriko kantariekin. Zizur Zendeako taldeak hamabost urteko ibilbide luzea eta errepertorio mardula du: euskal kantuak, erlijiosoak, boleroak, tangoak, Venezuelako joropoak, habanerak, Argentina eta Txileko foklorea, jota nafarrak, gospela eta kanta zuluak ere, batzuk aipatzearren. Burutzen ari diren solasak ongi gauzatuz gero, Habanako euskal komunitatearentzat ere kantatuko dute euren egonaldian.

Zizur Zendea, Nafarroa. Erreniega koraleko 18 kantari eta 15 bidaide abiatuko dira datorren apirilaren 19an Kubara, taldeak ilusio handiz prestatu duen bidaian. Koruak bi emanaldi egingo ditu irlan bertako abesbatzekin: lehena Santiagon, eta bigarrena Habanan. Taldearen zuzendaria Yaritza Farah Nuñez emakume gazte kubatarra da eta zalantzarik gabe, horrek zerikusi handia izan du bira honen antolakuntzan. Nuñezek Santiagoko Esteban Salas Musika Eskolan egin zituen ikasketak eta bera izan da Zizur Zendea eta Karibeko irlaren arteko zubia.

Taldearen egonaldia Santiago hirian hasiko da eta bertan izango dira nafarrak apirilaren 19tik 24a bitartean. Santiagoko Orfeoiarekin egingo dute emanaldia. Ondoren, apirilaren 24tik 29a bitartean Habanan izango dira. Koruko presidente Fernando Garciak Euskalkultura.com-i azaldu dionez, taldeak Kubako kantariekin habanera tailerrak ere egingo ditu. Erreniegaren errepertoriak euskal kanta ugari biltzen ditu eta Garciak irlako euskaldunei euren emanaldietara etortzeko eta eurekin harremanetan jartzeko gonbite berezia egiten die. Litekeena da oso, Habanan haien aurreko kantualdi bat antolatzea.

'Xalbador'-ekin hasi eta kanta zuluekin bukatu

Esan bezala taldeak errepertorio mardula du eta bertan Nafarroako jotak zein Afrikako kanta zuluak aurki daitezke. Erreniegak abesten dituen euskal kantuen artean 'Maitia nun zira', 'Xalbadorren heriotza' edo Benito Lertxundiren 'Erribera' daude, besteak beste. Koruak estilo desberdin asko jorratzen ditu: habanerak; Argentina, Kolonbia eta Txileko folklorea; gospel-a; gabon kantak; troba kubatar berria; Peruko vals-ak edo tangoak, adibidez.

-Informazio gehiago, Erreniega abesbatzaren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia