Euskal Etxeko lehendakaria den Ignacio Etcheverria, aurtengo hautagia den Nicole Liuzzi eta iazko erregina, Clara Islas-ekin (argazkia Ayacucho al día)
Nicole Liuzzi izango da Euskal Odola Euskal Etxearen ordezkari Ayacuchoko Txahalaren Festa Nazionaleko Erregin Lehiaketan. Ez da bera izango ordea Euskal Etxearen partaidetza bakarra ekitaldietan. Izan ere, zahato erraldoi bat ari dira eraikitzen Euskal Odola-ko kideak festaren desfileko karroza gisa. Ayacuchoko Txahalaren 44. Festa Nazionala martxoaren 6tik 13ra izango da.
Ayacucho, Argentina. Tradizio handia daukan Buenos Aires probintziako Ayacuchon Txahalaren Festak eta aurtengoan ere izen handiko artistak bilduko ditu, bere 44. edizioan betetzen duen honetan. Jaialdiak bi helburu argi ditu: landa tradizioak ikusgai jartzea turistentzat; eta herritarrei zein kanpokoei goi mailako ikuskizunak eskaintzea.
Aurtengo edizioa martxoaren 6an abiatuko da eta, ohi denez, hamar bat mila lagun espero dituzte antolatzaileek gauero. Baserri ohiturak erakusteaz gain, kultur eskaintza zabala ere egongo da jaialdiaren programa barruan, ohi bezala herriko erakundeek zein kanpoko kolektibitateek euren lana zabalduko baitute..
Euskal partaidetza
Herriko Euskal Odola Euskal Etxearen partaidetzari dagokionez, bi helburu aitortu dituzte Ayacuchoko euskal buruzagiek. Batetik, erregina izateko bere hautagaia aurkeztuko du Euskal Etxeak jaiaren azken egunean koroatze ekintzako protagonista izan dadin; erronka handia izango du hor EEko Nicole Liuzzi gazteak, iazko euskal ordezkaria, Clara Islas, erregina hautatu zutelako Euskal Odola Euskal Etxearen ordezkari. Herriko hautagai guztiak martxoaren 4an aurkeztu dira jendaurrean, Euskal Etxean bertan egingo den topaketa batean.
Beste alde batetik, Euskal Odola-ko kideak herriko kaleetan zehar euskal elkartearen izenean desfilatuko duen karroza ari dira prestatzen, aurten ideia berezi batekin, euskaldunen karrozak zahato erraldoi baten itxura izango baitu, izan ere Iruñeko Las Tres ZZZ zahatogile famatuak mendeurrena ospatzen ari den urte berean. Ardoz beteko al dute? Hori agian ez, baina Euskal Etxeko ateak beti daude zabalik parte hartu nahi duten guztiei aukera emateko.