euskal diaspora eta kultura
2010/12/09
PUBLIZITATEA
Txileko Santiago. Atseginez eta ilusioz gonbidatu zuten pertsonalki berari eginiko bisitan Txileko Nafarroako Etxeko zuzendariek Errazuriz kardinala, XVIII. mendean Arantza herri nafarretik Txilera pasaturik hemen ugaldu zen familia bateko kidea bera, kasu honetan euskalduna aitaren partez (Errazuriz) zein amarenez (Ossa). Berez Xabierko Frantziskoren eguna osteguna suertatu bazen ere, ospakizunak igandera ekarri ziren, besteak beste Nafarroatik Sanz presidentea buru etorri behar zuen ordezkaritzak 3an Nafarroako ekitaldietan parte hartu ahal izan zezan, eta baita bi egun beranduago Txilekoetan, nahiz eta azkeneko hau hondarrean ez zen honela irten.
Eguna hamaiketan hasi zen, Las Condesko Estadio Españolean, ohi bezala mezarekin, kasu honetan Errazuriz kardinalak emana. Mezaren ostean euren debuta festa honetan egin zuten Santiagoko Nafar Etxeko dantzari txikiek. Kardinalak egun seinalatu honetan partaide izatea eskertzen zion San Frantzisko Xabierren brontzezko irudi bat jaso zuen opari.
Agustin Otondo eta Miguel Sanzen gutuna
Iragarritako egitarauari dagokionez, ezin izan zen egin egitarauak markatzen zuen omenaldia, Agustin Otondo Dufurrenari, izan ere duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak eman zion Karlos IIIren Gurutzea ipini behar baitzion pertsonalki Miguel Sanz presidenteak. Aire kontrolatzaile espainiarren grebak galerazi zuen Sanzen etorrrera, beraz beste aukera egoki baterako utzi zeremonia hori.
Otondo erretzuarrari buruz mintzatu ziren, ordea, hitza hartu zuten autoritate eta agintariek, hala nola Juana Maria Diharasarri Nafar Etxeko lehendakariak eta Antonio Martinez Nafarroako Gobernuko Protokolo Zerbitzuko zuzendariak, baita ere Juan Ignacio Maiza Estadio Españoleko presidenteak, Victor Fagilde Txilerako kontsul orokor espainiarrak eta Nabor Garcia, Txileko Espainiako Enbaxadako negozio arduradunak. Bat egin zuten Sanz presidentea bertan ez egotea sentitzen zutela esaterakoan, baita ere Agustin Otondo laudatu eta hari emandako errekonozimendua onesterakoan Txileko Nafarroako Etxeak hogei urte bete dituen honetan.
Dena den, Nafarroako presidentearen izenean Antonio Martinez mintzatu zen, harek bidalitako gutun bat irakurriz, esanez, besteak beste, "nahi nuen zuekin ospatu Nafarroaren Eguna eta San Frantzisko Xabierren festa, eta Nafarroako Gobernuak emandako Karlos III.aren Gurutzea ipini merezimendu osoz nire lagun kuttuna den Agustin Otondo Dufurrena Txileko Nafar Etxearen fundatzaile eta lehenengo presidente izan zenari, genealogista eta heraldista trebea bera, baina ezin izan da", aitortu zuen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus