euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erramun Martikorena, Mikel Markez eta Oesteko musikariak kantuz aritu ziren Rocklingo Kantari Egunean

2010/10/19

Mikel Markez, Erramun Martikorena eta honen arreba Angéle emanaldian (argazkia RocklinEE)
Mikel Markez, Erramun Martikorena eta honen arreba Angéle emanaldian (argazkia RocklinEE)

PUBLIZITATEA

AEBetako euskal kantari eta bertsolariek bat egin zuten joan den urriaren 9an Rocklinen, NABOren 2010eko Kantari Egunean. 'Iparreko Ibarra' euskal etxe kaliforniar gazteak antolatu zuen jaia, bertako urteroko Euskal Bestarekin eta NABOren udazkeneko bilkurarekin bat eginik. Partehartzaileek euskal kantuak Estatu Batuetan lor dezakeen sasoi ona agertu zuten, oraina ez ezik etorkizuna ere izan dezakeela erakutsiz: kantari aritu zen gazteenak, Ambroise Curutchague-Clark-ek, zortzi urte baino ez ditu.

Rocklin, AEB. Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Erakundeak (NABO) urtero ospatzen duen Kantari Egunak 300 lagundik gora bildu zituen joan den urriaren 9an Rocklinen, Kalifornian. Euskal musikaz gozatzera etorri ziren gehienak, baina baziren aukera probestu eta taula gainera igotzea erabaki zutenak ere. Izan ere, hori da Kantari Egunaren ezaugarrietako bat, parte hartu nahi duen edonori irekitako kantaldia baita.

Kaliforniatik eta Nevadatik 14 kantari eta bertsolari bildu ziren bertara eta saio polita egin zuten entzuleen aurrean. Eurekin batera aritu ziren Erramun Martikorena baxenafartarra --bere arreba Angéle-rekin-- eta Mikel Markez gipuzkoarra, Euskal Herritik propio etorritako gonbidatu bereziak. Martin Etchamendy izan zen kantaldiaren aurkezlea. 

NABOren bilkura

Eguneko jarduerak goizean goiztik abiatu ziren, NABOren Udazkeneko Bilkurarekin. AEBetako euskal etxeetako ordezkariek parte hartu zuten bilkura honetan, eta lana egin ostean, bat egin zuten jaiarekin. Egitarauko hurrengo hitzordua mus txapelketa zen. Mikel eta Jon Vizcay anaiak izan ziren irabazle; Jean Pierre Goyhenetche eta Arnaud Bidondo txapeldunordeak. Bi bikoteek garaikurra eta saria --dirutan-- jaso zuten.

NABO Kantari Eguna 2010 & Euskal Besta 2

[Mus txapelketako partidetako bat (argazkia RocklinEE)]

Iparreko Ibarra taldeko dantzariek erakustaldia eskaini zuten, Hartza taldeko kideekin batera. Hartza Kaliforniako dantza talde desberdinetako partaideek osatutako konpainia da. "Erakustaldi bikaina eman zuten", adierazi dio harro EuskalKultura.com-i du Allyn (Goyenetche) Terpstrak, euskal etxeko sortzaile eta antolakuntzako kideak. Arrakastatsua izan zen baita ere txinga txapelketa, gizon zein emakumezkoen kategoriatan partaidetza handia izan baitzuen.

Dantzari espontaneoak

Indarrak berreskuratzeko, partehartzaileak afarira bildu ziren. Barbakoan prestatutako menua izan zen dastagarri: arkumea eta oilaskoa, pìperrada, babarrunak, entsalada, gazta eta euskal pastela (izozkia haurrentzat).

NABO Kantari Eguna 2010 & Euskal Besta 4

[Lan ederra egin zuten haragia erretzen (argazkia RocklinEE)]

NABO Kantari Eguna 2010 & Euskal Besta 3

[Afarira 300 bat lagun bildu ziren (argazkia RocklinEE)]

Gau partean Jean Flesher, Rene Caballero eta Christian Iribarren musikariek, Mikel Markez kantaria lagun zutela, dantzaldirako musika jarri zuten. Kantu eta kantu artean, dantza taldeetako haurrek girotu eta euren kabuz euskal dantza erakustaldi inprobisatua eskaini zuten, nagusien txalo eta irri artean. Haur, gazte eta bihotzez gazte, giro ederrean bukatu zuten denek gaua.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia