euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erbesteko PCEko euskal faltsutzaileei buruzko artikulua aurkezten du eduki berrien artean HamaikaBide.com-ek

2008/04/19

Jose Larreta erbesteko euskalduna, nazien aurka borrokatzen (argazkia Hamaika Bide Elkartea)
Jose Larreta erbesteko euskalduna, nazien aurka borrokatzen (argazkia Hamaika Bide Elkartea)

PUBLIZITATEA

Erbesteko euskal kulturaren azterketa eta lanen berreskurapena sustatzen du Hamaika Bide Elkarteak eta helburu horrekin iragan urtean webgunea ipini zutem martxan. Ordutik hona elkartea atalak berritzen eta ikerketa berriak sareratzen ari da etengabe. Oraingoan, besteak beste, Aurora Arnaiz Amigo idazle euskal mexikarrak 1992an eman zuen Transterrados mintzaldia sareratu du, eta baita ere Mikel Rodriguez historialariaren Los falsificadores del PCE artikulua. Alderdi Komunistan aritu ziren faltsutzaile asko euskaldunak izan ziren, Rodriguezen artikuluak azaltzen duenez.
Mikel Rodriguez historialariak erbestean aritutako dokumentuen faltsutzaile komunisten historia ikertu du eta horietako batzuk euskaldunak izan zirela egiaztatu. Ikerketaren pasarte batean azaltzen duenez 'anarkistek, komunistek eta EAJko kideek faltsutze aparatua eduki zuten Frantzian. Espainiako Alderdi Komunistako aparatuan honako euskaldunak aritu ziren, besteak beste: Jesus Beguiristain Andres, Ramon Santamaria Josetxo eta Jose Larreta Garde Paul'. Gaiaren inguruan informazio gehiago jaso nahi duenak artikulu osoa irakurri dezake Hamaika Bide Elkartearen webgunearen 'Historiarako datuak' sailean.

'Testigantzak' deituriko sail berrian, bestalde, Aurora Arnaiz Amigo idazle eta abokatu euskal mexikarraren Transterrados diskurtsoa jasotzen da. 1992. urtean Nazio Batuen Goi Mandatariek eta Zuzenbidean Doktoratutako Elkarteak 'Errefuxiatuak eta Zuzenbidea' titulupean antolatutako jardunaldietan eman zuen Arnaizek mintzaldi hau eta bertan Espainiako 1936ko Gerra Zibilean erbesteratutako errepublikarrei aplikatutako hitz polemiko horren defentsa egiten du.

Hamaika Bide webgunearen ohiko sailak

Elkarteko web orrialdearen ohiko sailei dagokienez, 'Hilabeteko pertsonaia' atalean Costa Rican erbesteratutako Teodoro Olarte filosofo arabarraren lana aztertu du Jose Angel Ascuncek. 'Hilabeteko liburua'-n, aldiz, Jose Ramon Zabalak Josu Legarreta, Alberto Irigoyen eta Adriana Patronen Hemeroteca de la diáspora vasca (01): Prensa americana y de otros países lanari buruzko iruzkina eskaintzen du eta, 'Hilabeteko artikulua'-n, Ildefonso Gurrutxagaren El difícil y tardío paso del fuerismo al nacionalismo lana irakur daiteke.


Lotura interesgarriak

Hamaika Bide elkarteko webgunea
www.hamaikabide.org

Hamaika Bide Elkarteak web orrialdean eduki berriak eskaintzen ditu
2008ko otsailaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hamaika Bidek antolaturako Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegia
2007ko urriaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia