Tolosan hasiko da gaur Hamaika Bide elkartearen erbesteari buruzko XIV. Mintegia. "Erbesteko heterodoxoak eta heterodoxiak" izenburupean, aurten bost eguneko luzera izango du mintegiak eta bertan diskurtso ofizialetik kanpo gelditu ziren sektoreak aztertuko dira: erbesteratutako apaizak, homosexualak, emakumeak, bisionarioak... Gaurko jardunaldian Cecilia Garcia de Guilarte idazle eta kazetari tolosarrari omenaldia egingo diote. Ondorengo saioetan, mintegia Donostian egingo da. Saioak irekiak dira.
Tolosa, Gipuzkoa. "36ko erbestearen beste auroegia", horixe erakutsi nahi du Hamaika Bide elkartearen XIV. mintegiak. Horretarako, erbesteko diskurtso ofizialetik at gelditu ziren pertsonaia, idazle eta pentsalariei emango die hitza. "Pertsonaia hauek antinorma, salbuespena, gutxiengoaren ordezkari dira", azaldu dute mintegiaren antolatzaileek. "Gure Diasporan klabe berriak eta pertsonai berriak aurkitzeko bide beharrezko eta iradokitzailea da erbestea ikuspuntu honetatik ikertzea".
Proposamenak arrakasta izan du eta mintegiak txosten ugari jaso ditu. Hori dela eta, aurtengo egitaraua inoiz baino mardulagoa da: bost eguneko luzera izango du eta nazioarteko ikerlari ugari bilduko dira bertara. Hamaika Biderekin batera antolatzaile izan dira EHU/UPV, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko GEXEL taldea.
Cecilia Garcia de Guilarte
Mintegia gaur hasiko da Tolosan, Cecilia Garcia de Guilarte kazetari eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuz. Guilarte 1915ejo abenduaren 20an jaio zen Tolosan eta gaztea zela hasi zen aldizkari eta egunkarietan idazten. 1936ko gudaren ostean, Mexikon erbesteratu zen eta Sonorako Unibertsitateko aldizkariaren zuzendaria izan zen. Horrez gain Euzko Deia bezalako aldizkarietan ere argitaratu zuen. Eleberriak eta ipuinak idatzi zituen, eta baita Sor Juana Inés de la Cruz. Claro en la selva entsegua (Ekin argitaletxea, Buenos Aires, 1958).
1964an Amerikatik itzuli eta Donostiako La Voz de España egunkarian kolaboratu zuen, literatura-kritikak eginez, 1979. urtean egunkaria desagertu zen arte. Bere literatura-ibilbideari esker Aguilas Sari entzutetsua eskuratu zuen (1969) Cualquiera que os dé muerte (Todas las vidas) lanarekin (Linosa argitalpenak, Bartzelona, 1969). Lan hori, berriro editatu zen Plaza & Janés argitaletxearen eskutik (Bartzelona, 1977). Era berean, beste eleberri bat argitaratu zuen, La soledad y sus ríos (El indio mi compadre) izenekoa (Novelas y Cuentos, Madril, 1975). Espiritu independente eta zentzu kritiko handiko emakumea zen eta Donostiako bizitza kulturalean parte-hartze aktiboa izan zuen, batez ere, XX. mendeko 1960-1970 bitarteko hamarkadan [Auñamendi entziklopedian argiratatutako biografiaren zatia].
Mintegiaren egitarau osoa, hemen