euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erbesteari buruzko Nazioarteko X. Kongresua urriaren 5etik 8ra egingo da Donostian eta Bilbon

2009/09/15

Iñaki Beti eta Jose Angel Ascunce Erbesteari buruzko 9. Mintegian (argazkia Hamaika Bide)
Iñaki Beti eta Jose Angel Ascunce Erbesteari buruzko 9. Mintegian (argazkia Hamaika Bide)

PUBLIZITATEA

Urriaren 5etik 8ra bitartean, Donostian eta Bilbon egingo dira Erbesteari buruzko Nazioarteko X. Kongresuko hitzaldiak. Hamaika Bide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolatuta, aurtengoan 'Erbestean bizitakoen testigantzak' izango dira mintegiaren ardatz. Hitzaldiak Bilboko eta Donostiako Deustuko Unibertsitatearen egoitzetan eta Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian izango dira. Hauetan, besteak beste, Baroja, Orixe edota Agirre lehendakariaren bizitzaren zenbait alderdi orain arte ezezagunen inguruan solastuko da.

Donostia, Gipuzkoa. Donostia eta Bilbon egingo dira aurten Erbesteari buruzko Nazioarteko X. Kongresuaren baitan antolatutako hitzaldiak. Hamaika Bide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako mintegia urriaren 5ean hasiko da eta 8ra arte iraungo du. Ponentziak Deustuko Unibertsitateak Donostian eta Bilbon dituen egoitzetan izango dira eta baita Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegiko aretoan ere.

Hamargarren mintegi honen izenburua 'Erbestean bizitakoen testigantzak' da eta aztertu nahi da erbesteratuek, lehen pertsonan, zuzenean, eskutitza edota egunarietan idatzita utzitako euren testigantzak. Erbesteratuen haurtzaroa eta jasotako hezkuntza aztertuko da, baita Diasporako zenbait politikoren diskurtsoak eta idazle errepublikarren lanak. Euskaraz idatzitako zenbait eskutitza tartean. Baroja, Orixe, Irujo, Gurrutxaga, Manu de la Sota, Elizondo, Zaitegi, Ibiñagabeitia, Ibarruri, Aurora Arnaiz, María Luisa Elio, Semprún, Mª Teresa León, Champourcin, Camprubí, Chacel, Blanco Aguinaga edota Agirre aipatuko dituzte besteak beste hizlariek euren agerraldietan. Zenbait kasutan pertsonaia ezagun hauen inguruko datu berriak ezagutaraziko dira.

Honako adituek osatzen dute aurtengo Batzorde Zientifikoa: Xavier Apaolaza (EHU), Manuel Aznar Soler (UAB), Gregorio Arrien, Jose Angel Ascunce (Deustuko Unibertsitatea), Nigel Dennis (Saint Andrews Unibertsitatea, Erresuma Batua), Juan Cano Ballesta, Jose Manuel Lopez de Abiada (Bernako Unibertsitatea, Suitza), Gabrile Morelli (Milango Unibertsitatea, Italia) eta Serge Salaün (Paris III Unibertsitatea, Frantzia). Batzordeko kideez gain, 40 hizlari inguru ariko dira erbesteaz mintzatzen.

Horietako bat Argentinako Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kide den Mauro Vitullo izango da. Honek 'Mauricio Flores Kaperotxipi: Euskal artearen enbaxadorea Mar del Platan' lana aurkeztuko du. Vitullok Kaperotxipik berak idatzita utzitako Gerra Zibilean bizitako testigantzak jaso ditu besteak beste.

Informazio gehiagorako Hamaika Bide elkartearen webgunea: http://hamaikabide.org


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia