Iruñea-Pamplona. Martxoaren 25etik apirilaren 25era Iruñeko Planetarioak "Jose Alfaro: erbestea eta duintasuna" argazki erakusketa izango du ikusgai, Nafarroako Memoriaren Institutua antolatzaile. Orotara 229 negatibok osatzen dute Alfaroren familiak katalogatu, datatu eta kontserbatutako bilduma eta hortik hautatu diren 50 argazkiek, tafallarrak Frantzian erbesteratuta pasatu zuen hamarkadaren adierazgarri dira, familiako bisiten eszenekin, lanean ateratako argazkiekin, erbesteko kideekin edo Bizkaitik ebakuatutako haurrei harrera eginez, besteak beste.
Erakusketarekin batera argitaratu den katalogoan, Jose Alfarok berak 1968an idatzitako dokumentuko esaldi batzuk ageri dira. Izan ere, "Memorial a los Señores Procuradores en Cortes por el Tituko de Familia. Comisión a estudiar el problema Jubilados sin jubilar” izenpean Alfarok, Frankismope peto-petoan, jubilaziorik gabeko erretiratuen arazoa aztertu eta pentsioak aldarrikatu zituen, garai hartarako ausardia handiz, bere bizitzan zehar jasan zituen bidegabekeriei buruzko gogoeta ere egin baitzuen..
Ez da ahaztu behar 1931ko apirilaren 14an Tafallako Udaletxeko balkoitik Errepublika aldarrikatu zuela Jose Alfaro, eta Francoren kolpe militarraren ondorioz atxilotu egin zutela 1936ko uztailaren 29an eta herriko kartzelan sartu, urte bereko abuztuaren 7an senide batek egindako mesede pertsonal bat medio kartzelatik irten eta Donibane Lohizunera pasatzeko modua izan zuen arte. Orduan hasi zen hamar urte baino gehiagoko erbestealdi luzea Iparraldean eta Frantzian, erakusketak dokumentatu eta Jose Alfaro beraren argazki eta testuz eskaintzen diguna.