euskal diaspora eta kultura
2013/09/05
PUBLIZITATEA
Santiago, Txile. 'Colectividad Vasca de Chile' elkarteak uztailaren 30ean jarri zuen abian 2013ko bere Euskal Astea, jantzi tradizionalei buruzko erakusketa baten inaugurazioarekin. Las Condes-ko Estadio Español gunea izan zuen gertaleku eta bertako "El Greco" aretoan euskal arropa tradizionalez gain Euskal Herriko argazkiak, elkarteko kideen margoak eta euskal etxeak prestaturiko informazio afitxak ere izan ziren ikusgai. Ekitaldian 50 bat lagun inguru bildu ziren eta abuztuaren 16a arte egon zen irekita erakusketa.
[Euskal erakusketaren inaugurazioan, bertan ikusgai jarri ziren jantzietako batzuk (argazkia CVChile)]
Erakusketaz gain, Euskal Astean beste zenbait ekitaldi egin ziren, hala nola Miguel Laborde historialariak eskaini zuen hitzaldia. Harrera ona bildu zuen euskal kulturak eta euskal jatorriko herritarrek Txileren eraikuntzan izan duen ekarpenari buruzko solasaldi honek. Beste jarduera batzuk pilota partidak, euskal zine emanaldiak eta San Inazio eguneko festa izan ziren.
[Miguel Laborde historialariaren hitzaldia. Erdian, Miguel Laborde bera eta Rossana Arza Colectividad Vasca de Chile euskal elkarteko lehendakaria (argazkia CVChile)]
San Inazio festa
Euskal Astearen gailurra, ospakizunei dagokienez, San Inazio eguneko festa izan zen, deia euskal etxe txiletarrak igandera, abuztuaren 4ra, aldatua. Eguna 11:30tan hasi zen, Estradio Español-eko Covadongako Ama Birjinaren kaperan egin zen mezarekin. Elizkizunean elkarteko koruak parte hartu zuen.
[Euskal Etxeko koruak eta txistulari taldeak Euskal Asteko hainbat ekitaldi girotu zituen (argazkia CVChile)]
Elizkizunaren ostean euskal etxeko txistulari taldeak eta abesbatzak kontzertua eskaini zuten eta dantza taldeak erakustaldia egin zuen. Eguerdian berrehun bat lagun bildu ziren San Inazio eguneko bazkari herrikoira, laburbildu digu elkarte antolatzaileko lehendakari Rossana Arzak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus