euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erantzun ona izan du Bartzelonako Zinemaldiak, emanaldi eta mahainguruetan ikusleen partaidetza handiarekin

2008/03/28

Euskara ikasleek eginiko bideoen aurkezpena Zinemaldia'08ren baitan (argazkiak Bartzelona EE)
Euskara ikasleek eginiko bideoen aurkezpena Zinemaldia'08ren baitan (argazkiak Bartzelona EE)

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak, eratzen duen Zinemaldiaren azken edizioaren balioespen oso baikorra egin du, jaialdiaren hiru urtetako ibilbidea goranzkoa dela baieztatuz. Hilaren 14ean bukatu zen edizioak inoiz baino ikusle gehiago bildu ditu, Euskal Etxeko ekitaldi guztiak eta kalean egin ziren biak ere beteaz. Aurtengo jaialdian gainera, Katalunian Euskal Herriari buruz eginiko dokumentalak ere izan dira ikusgai eta jaialdiak lekua hartu du Bartzelonako komunikabideetan. Euskal Etxea bere hurrengo hitzordu handia prestatzen ari da jada, apirilean egingo den euskal literatura jaialdia, Literaldia'08.
Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldia bide onetik doa eta dagoeneko bere tartetxoa egin du Bartzelonako kultur eskaintza zabalean, aurtengo edizioan ikusleen aldetik izan duen harrera ona ikusirik. 'Jaialdia jendetsua izan dela baiezta dezakegu, guk uste baino gehiago, egia esan', aitortu dio EuskalKultura.com-i Zinemaldiaren antolatzaile taldekoa den Ekaitz Garatek. 'Euskal Etxean egin ditugun emanaldiak bete egin dira egunero eta kalean egin ditugunetan ere, Gernika eta Bartzelonako bonbardaketei buruzko dokumentalen emanaldian edo Kimuakeko laburmetraienean, 150 lagundik gora egon ziren eserlekuetan, dena betez eta bertatik pasatzen zen jende asko gelditu zen zutik begira'.

[Goiko irudian Luis Iriondo, Gernikako bonbardaketaren lekuko, eta Josefina Piquet, Bartzelonako bonbardaketen lekukoa, 'El bombardeo de Gernika, la historia' eta 'Catalunya mártir' dokumentalen aurkezpenean eman zuten mintzaldian]

Ikusleen partehartze handia antolatzaileek asko eskertu duten beste alderdietako bat izan da, dokumentaletako zuzendari eta protagonistekin izan dituzten mahainguruak azpimarratuz. 'Ekitaldietan ikusle eta egileen arteko interakzioa egon da, ez emanaldiak bakarrik. Adibidez, Llach, la revolta permanent dokumentalaren emanaldian Lluís Danes zuzendariarekin eta Aitzpea Goenaga euskal zuzendari eta aktorearekin hizkuntz gutxituen zinemari buruzko mahainguru interesgarria izan genuen'.

Euskal Herriari buruzko zinema Kataluniatik

Aurten ikusi ahal izan diren filmeen artean Euskal Herriari buruz Katalunian eginiko lanak aurkeztu ziren. 'Jaialdia Euskal Herriari buruzko filmeen jaialdi bezala planteatzen dugu', azaltzen du Garatek, Katalunian eginiko edo pentsaturiko lanak ere eskaintzearen garrantzia azpimarratuz.

Zinemaldiak horrela pauso handia eman du eta Bartzelonan euskal filmeak aurkezten dituen jaialdia baino Euskal Herriari buruzko zinearen egile eta zaletuen topagunea bihurtu da, euskal zein kataluniar lanak aurkeztuz. Aurten, gainera, jaialdiak tarte handiagoa izan du Bartzelonako egunkari eta komunikabideetan, bizi duen une onaren seinale.

[Guillermo Trujillano zuzendari, musikari eta artistak kontzertua eskaini zuen 'Cartografía bipolar de cantautores de La Habana' eta 'Kasta' bere dokumentalen emanaldiaren ostean]

Euskara ikasleen bideo lehiaketa

Jaialdiko antolatzaileek azpimarratu duten beste alderdi bat euskara ikasleen bideo lehiaketak izan duen arrakasta da. Aurten hamaika lan aurkeztu dituzte eta Euskal Etxeko ikasleen bideoez gain Bartzelonako Unibertsitatekoek eta Hizkuntz Eskola Ofizialekoek ere parte hartzeko gonbitea jaso zuten, bakoitzak lan bana aurkeztuz. Iaz bezala, ikasleen gogo eta umore onak alde teknikoan egin zitezkeen akatsak erraz gainditu zituen, ekitaldi alai eta dibertigarria eskainiz. Datozen egunetan bideo hauek sarean izango dira ikusgai, munduko hainbat euskal etxeetan euskara ikasten ari diren beste ikasleentzako inspirazio eta dibertsio iturri.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Dokumentalak Zinemaldia'08-ko izar
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 20an

X Euskal Herria Sona!
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia