euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erantzun ezinhobea izaten ari da Ameriketako artzainen omenaldia; Aldude eta Gernikako txartelak agortu dira

2007/09/27

Baigorri-Aldude eta Gernikako Omenaldiko afitxa.
Baigorri-Aldude eta Gernikako Omenaldiko afitxa.

PUBLIZITATEA

Artzain Mundua elkarteak Ameriketan ibilitako artzainak omentzeko egin zuen deialdiak erantzun aparta jaso du. Hitzordua datorren asteburuan Alduden eta astelehenean Gernikan izango da. Bertara bilduko dira Euskal Herriko lau muturretatik heldutako artzainak eta baita Ameriketatik etorritako batzuk ere. Ekitaldi jendetsua izango dela aurreratu daiteke: omenaldiko kontzertu, mintzaldi eta dokumental emanaldietara gerturatuko direnez gain, bazkarietarako tiketak dagoeneko erabat agortu egin direlako, guztira bostehun Alduden eta beste hainbeste Gernikan.
Larunbat eta igandean Aldude bailara baxenabartarra Euskal Herriko eta Ameriketako artzain, lagun eta senideen bilgune bihurtuko da. Helburua Atlantikoz bestalde artzain bezala lan egitera joan zirenei omenaldia egitea da. Ekitaldiak jarraipena izango du astelehenean Gernikan, bertan biltzen direlako astero artzain ugari azokaren aitzakian. Gernikako Omenaldia Urriko Lehenengo Asteleheneko azokarekin batera egingo dute eta ekitaldi jendetsu eta gogoangarria izango dela espero dute antolatzaileek.

Artzainak izango dira asteburuko protagonista eta euren omenez makina bat ekitaldi prestatu dituzte antolatzaileek: kontzertuak, mintzaldiak, dokumental eta bideo emanaldiak... Ekitaldi hauetan parte hartzea librea izango da, baina dagoeneko deialdiaren harrera ona azpimarratzen duen daturik badago: Aldude eta Gernikako bazkarietarako tiketak erabat agortu egin dira jada. 'Aldudeko bazkarian 500 pertsona egongo dira eta beste hainbeste Gernikan', aurreratu dio EuskalKultura.com-i Artzain Munduko Miren Elgarrestak.

Izenak datu basean jasoko dituzte

Artzain Mundutik, ekitaldiotan parte hartuko dutenen artean artzainak beraiek asko izatea oso garrantzitsua dela diote. 'Bazkarietara etorriko diren gehienak artzainak dira. Nagusiak direnak, lagunduko dien lagun edo senitarteko bat ekarriko dute', azaltzen du Elgarrestak. Hitzordua aspaldiko lagunekin bildu eta orduko pasarte gazigozoak gogoratzeko parada izango da. Gainera, euskal kultura Ameriketan hedatzen lagundu zuten langile hauei aspaldi zor zitzaien omenaldia egiteko aukera izango da.

Omenaldira artzain asko bertaratzeak Iragana Gaurkotuz ekimenaren lehen pausuak emateko bidea emango die antolatzaileei. Proiektu honekin Artzain Munduak eta elkarte laguntzaileek artzaintzan ibili diren euskaldunen historia berreskuratu nahi du, datuak eta informazio bilduz eta horren inguruko ikerketak bultzatuz. Lehen pausoa, historia honetako protagonisten izenak biltzea izan da. 'Dagoeneko mila inguru artzainen datuak baditugu', baieztatzen du Elgarrestak. Baina izan, askoz gehiago badira, bai Euskal Herrian eta baita Ameriketan ere.

Aldude eta Gernikako hitzorduak zerrenda honetako izen gehiago biltzeko aukera aparta izango dira. Horien artean, gainera, artzain lanetan, bazkari kontuetan, arrantxu-lanetan-eta ibili ziren emakumeek ere badute zer esanik, heien lana ere ezinbestekoa izan baitzen. 'Momentuz 10 emakumeen izenak bildu ditugu'. dio Elgarrestak. Ekitaldietan parte hartuko dutenen artean AEBtik etorritako gonbidatuak ere izango dira, besteak beste Martin Etchamendy, Arizonatik, edo Amador Zabalgeaskoa, Kaliforniatik. Ameriketako artzainen datuak bildu nahian, Artzain Mundua NABO eta beste elkarte batzuekin harremanetan jarri da. Interesa duenak zuzenean Artzain Munduarekin kontakta dezake, hona idatziz.

[Goiko irudian Miren Elgarresta Bedaronako Luis eta Martin Atxabal anaia eta artzainekin]

EGITARAUA

Irailaren 29a, larunbata. Baigorri

-20: 00. Baigorriko Bil etxean. Ameriketako artzaintzari buruzko lekukotasunak. Ameriketako artzaintzaren inguruko testigantzen bideo eta irudi emanaldia. Musika-Kontzertua: Xalbador-Ihidoy eta Magali Zubillaga. Hitzaldia: Lertxumarrak, Joxe Mallearen eskutik. Aurkezlea: EKE.

Irailaren 30a, igandea. Aldude

-11: 00 Artzainen omenezko meza
-12:30 Euskal Artzainei omenez harriz egindako monumentuaren aurkezpena, Bertsolariak, dantzariak etab. Artzain Munduak emandako diplomaren adierazpena.
-14:00 Aldudeko pilotalekuan bazkaria.

Urriaren 1a, astelehena. Gernika

-11:00. Harrizko monumentuaren aurkezpena
-12.00 Batzar Etxea eta Gernikako Arbolaren bisita
-13:00 Artzainon Omenezko Saioa (Lizeo Antzokian). Ameriketako artzaintzaren inguruko lekukotasunen ikus-entzunezko emanaldia. Artzain bertsoak eta musika. Euskal Herriko artzainen gaineko errekonozimendu jardunaldia (Diploma, Lepo-zapiaren banaketa….)
-14: 30. Bazkaria. Maloste Kiroldegia


Lotura interesgarriak

Artzain Mundua elkartearen webgunea
www.artzainmundua.net

Nazioarteko III. Artzain Biltzarra, Arantzazun
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko irailaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia