Rosario, Argentina. Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea izan da joan den asteburuan FEVAk antolatutako bi formakuntza topaketa jendetsuen gertaleku. Eraldaketa Instituzionaleko Tailerra, Zazpirak Bateko lehendakari Guillermo Canut Garramiolaren eskutik, larunbatean, ekainaren 1ean, burutu zen, 19 euskal etxetako 39 ordezkari partaide. Dantzarientzako tailerrak, berriz, Bahia Blancako Union Vascako Manu Irastorza eta Viedma eta Patagonesko Aberri Etxeko Josetxu Astolfi koordinatzaile, bi egun hartu zituen, larunbata eta igandea, jende ugari bildurik baita ere.
Dantzakoarekin hasiz, tailerra larunbat goiz goizean hasi zen, 60 bat dantzari partaide, 44 herrialdeko gainerako euskal etxeetatik etorriak, eta gainontzekoak Rosario bertakoak. Jolas dantzak jorratu zituzten lehenik, eta ondoren, Zuberoako eta Gipuzkoako dantzak. Igandean, fandangoa, arin arina eta biribilketak zituzten zain, eta dantzariek harrera ona egin zieten, pilatzen hasitako nekearen gainetik. Ondorioak ateratzeko saio baten ostean, bazkaria partekatu zuten.
Emaitza ederrak
"Oso harrera ona izan dugu eta konforme gaude oso. Taldeka eta banaka arituz egin dugu lan, eta dantza bakoitzaren izaera interpretatzen saiatu gara. Lana zorrotza izan da, baina behar da esan parte-hartzaileak prest agertu direla oso”, aitortu dio EuskalKultura.eus-i Josetxu Astolfik, Manu Irastorzarekin batera koordinazio lanetan ibili den dantzariak.
Bere aldetik, Euskal Etxeen Eraldaketarako tailerrak talde lanari, lidergoari, rolei, balioei eta plangintza estrategikoa lotutako gaiak jorratu zituen batez ere. Topaketak eztabaidagune aberatsa sortu zuen. Hainbat ikuspuntu azaldu eta esperientziak partekatu ziren. Guillermo Canut-en esanetan, "Topagune bat izan da, luze elkar ikusi gabe egon ondoren. Aspaldian ez genuen horrelako tailerrik egin, eta egiari zor ederra da elkarren iritziak entzun eta bizipenak partekatzea, elkartzen gaituzten helburuen eta kolektibo gisa ditugun erronken inguruan hausnartzea, partaide izateko guneak sortzen jarraitzeko”, laburbildu dio buletin honi Zazpirak Bateko lehendakariak.
FEVAko Zuzendaritza Batzordearen bilkura
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea, FEVAren hileroko bilgune baita ere joan den asteburuan
Eta joan den larunbatean baita ere, tailerrak amaitu ondoren, FEVAk bere Zuzendaritza Batzordearen hileroko bilkura egin zuen, Federazioko kide diren Euskal Etxeetako ordezkari ugari partaide.
2024ko Eraldaketa Instituzionalaren Lehen Tailerrean parte hartu duten Euskal Etxeak
- Euskaldunak Denak Bat - Arrecifes
- Unión Vasca - Bahía Blanca
- Euskaltzaleak - Buenos Aires
- Laurak Bat - Buenos Aires
- Guillermo Larregui - Chacabuco
- Gerora - Córdoba
- Lagunen Etxea - Laprida
- Euzko Alkartasuna - Macachín
- Euzko Etxea - Necochea
- Gure Etxe Maitea - Olavarría
- Lagun Onak - Pergamino
- Zazpirak Bat - Rosario
- Euskal Etxea - San Nicolás
- Gure Etxea - Tandil
- Urrundik - Paraná
- Aberri Etxea - Viedma y Patagones
- Euzko Etxea - Villa María
2024ko Lehen Euskal Dantza Tailerrean parte hartu duten Euskal Etxeak
- Euskaldunak Denak Bat - Arrecifes
- Unión Vasca - Bahía Blanca
- Euskaltzaleak - Buenos Aires
- Laurak Bat - Buenos Aires
- Denak Bat - Cañuelas
- Guillermo Larregui - Chacabuco
- Ibaiko Izarra - Concordia
- Euzko Etxea - La Plata
- Lagunen Etxea - Laprida
- Euzko Alkartasuna - Macachín
- Anaitasuna - Maipú
- Denak Bat - Mar del Plata
- Euskal Jatorri - Misiones
- Euzko Etxea - Necochea
- Gure Etxe Maitea - Olavarría
- Lagun Onak - Pergamino
- Zazpirak Bat - Rosario
- Euskal Etxea - San Nicolás
- Gure Etxea - Tandil
- Urrundik - Paraná
- Euzko Etxea - Villa María