euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Erandioko Bazterrak' argazki erakusketa, abenduaren 16 arte egongo da ikusgai Lapridako Lagunen Etxea-n

2012/12/12

Ana Maria Gancedo de Vieytes, Jose Irazabal eta Tomas Barrena erakusketaz gozatzen (argazkiak M. E. Arrondo)
Ana Maria Gancedo de Vieytes, Jose Irazabal eta Tomas Barrena erakusketaz gozatzen (argazkiak M. E. Arrondo)

PUBLIZITATEA

23. urtemugaren urtean 'Erandioko Bazterrak' argazki bilduma jaso zuen Lapridako euskal etxeak bere egoitzan erakusteko. Bizkaiko herriaren irudiak biltzen dituen erakusketa berrogei argazkiz dago osatuta eta egile ugariren lanak batzen ditu, tartean, Jon Erramon Fano Bilbao, Fermin Areitio eta Erandioko Radio Club Takolos elkarteko beste kide batzuenak. Erakusketa abenduaren 16 arte egongo da ikusgai Lapridan; epe hau bukatutakoan, eskatzen dutenen euskal etxeei emango zaie maileguz. Erandioko bazterrak lekuko, Euskararen Eguna ere ospatu zuten Lagunen Etxeako lagunek abenduaren 3an.

Laprida, Argentina. Dagozkion izapideak bete ondoren, 'Erandioko Bazterrak' argazki bilduma Buenos Aires probintziako Laprida hirira iritsi eta abenduaren 3an inauguratua izan eta ikusgai egon zen, euskal etxearen 23. urteurrenaren baitan. Erandioko berrogei irudiok Lagunen Etxea euskal etxean erakutsiko dira datorren igandera arte eta gero ibiltari ibiliko dira hala eskatzen duten erakundeen artean.

Erandioko Bazterrak 2012 01

['Erandioko Bazterrak' Lapridako euskal etxean (argazkia M. E. Arrondo)]

Gogora dezagun argazkiak 30 x 40 zentimetrokoak direla eta ekainean Erandioko Josu Murueta Kultur Guneko Areto Urdinean aurkeztu zirela. Eskaera egiteko Maria Ester Arrondorekin jarri behar da kontaktuan, mearrondo@laprida.net helbidean. “Erandio eta gure herriaren arteko lotura estua dago euskal etxeko kide eta dantzari izandako Ismael Vieytes Gancedo orain hor bizi baita bere sendiarekin”, azaldu dio Arrondok EuskalKultura.com-i.

Euskararen eguna Lapridan 2012 03

[Euskal txokoa eta etxeko kideak euskal kantak abesten (argazkiak M. E. Arrondo)]

Abenduaren 3an inauguratu zen erakusketa, Euskararen Egunean, hain zuzen, euskaltzaleentzat garrantzi handia duen data hau ere ospatu baitzen Lapridako euskal etxean. Eusko Txokoa liburutegia partaide, euskarazko afixa, liburu, hiztegi, CD eta DVDak jarri ziren publikoaren eskuragarri. “Afixa Arturo Campion elkarteko kide den, eta egun Euskal Herrian bizi den Veronica Domingo irakaslearen opari bat izan zen. Ipuin liburuak, ordea, Jose C. Pazeko Toki Eder-eko Aurora Darretxe liburuzainak eman zizkigun”, azaldu digu Eusko Txokoa-ko arduradunak. Zeremonian, Euskaren Egunari buruzko FEVAren agurra irakurri zen. 

Euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin, bestalde, Lapridako euskal etxeko liburutegiak euskal kantutegi bat egin zuen. Letra eskuan, abesti batzuk kantatu zituzten bilerara bertaratu ziren lagunek.

lapridako euskal etxeko erregina 2012 02

[Jose Irazabalek lore sorta eman zion Lucila Peralta Elorrieta erregina berriari (argazkia M. E. Arrondo)]

Urtea bukatu aurretik, euskal etxeko erregina izendatu zuten Lagunen Etxea-ko kideek, Euskararen jaian. Aurtengo hautatua Lucila Peralta Elorrieta izan zen eta instituzioko agintariek xingola, aginte makila eta lore sorta bat eskuratu zizkioten. Lucilak 16 urte ditu eta bere lehenengo eginkizuna bete du dagoeneko. Abenduaren 8an Lagunen Etxea ordezkatu zuen Tandilgo euskal etxearen urte amaierako jaian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia