euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakusketa eta hitzaldia euskaldunez Mountain Home-ko Museoan, Richard Urquidi zinegotziaren eskutik

2009/07/06

Euskaldunei buruzko erakusketa zabaldu du uztail honetan Mountain Home-ko Museoak herriko zinegotzai den Richard Urquidi-ren eskutik, argazkiak azaltzen duenez (argazkia MountainHomeNews)
Euskaldunei buruzko erakusketa zabaldu du uztail honetan Mountain Home-ko Museoak herriko zinegotzai den Richard Urquidi-ren eskutik, argazkiak azaltzen duenez (argazkia MountainHomeNews)

PUBLIZITATEA

Mountain Home-ko Historia Museoak, Estatu Batuetako Idaho estatuan, euskaldunei buruzko erakusketa edo erakusleiho bat aurkeztu du, eta zabalik izango du uztaileko hilabete osoan, euskaldunei buruz, bertako zinegotzi Richard Urquidik prestatu eta moldatua, duela gutxi familiarekin batera arbasoen herria duen Euskal Herrira bidaiatu ondoren. Urquidi, pertsona gaztetandik aktiboa Mountain Home-ko euskal komunitatean, baita ikerlari gisa ere, izango da baita ere, datorren ostegunean, uztailak 9, Museoko lagunen aurrean hitzaldia emango duen gonbidatua, arestian aipatu gai beraren inguruan.

Mountain Home, ID, Estatu Batuak. Mountain Homeko Historia Museoak topaketa programa bat bultzatzen du urte osoan, bilera horietako bakoitzean hizlari gonbidatu batek herriari buruz edo inguruko ondare edo historiarekin zerikusia duen gai bati buruz hitz egin dezan. Euskaldunak eta euren tradizio eta ohiturek presentzia historiko nabaria daukaten herria izanik, datorren honetan Richard Urquidi bertako zinegotzia izango da hitza hartuko duena, izan ere euskaldunei buruz, euren kultura eta errealitateari buruz mintzatzeko, besteak beste duela gutxi Euskal Herrira eta hain zuzen ere arbasoen sorleku duen Bizkaira familiarekin batera egin duen bidaian jasotako argazki, objektu eta jakingarriak euskarri harturik.

Urquidik hitzaldian eskainiko duen lekukotasunaren osagarri --edo alderantziz-- izango da Mountain Home-ko Historia Museoan bertan uztaileko hilabete osoan ikusgai egongo den erakusketa edo erakusleihoa, hau ere Urquidik bidaia horretan batutako materialez osatua.

Euskal eragin handiko eskualdea

Richard L. Urquidi Montain Homen bertan jaioa da, euskal familia batean, herriko beste hainbat biztanle bezala, eta giro horretan hazi zen, betidanik euskal komunitateko --zein oro har herriko-- kide aktibo izan delarik. Urquidik lizentzia lortzeko tesia euskaldunei buruz egin zuen, 'History of the Mountain Home Basques' izenburupean.

Mountain Homek --euskaldun zaharrek Montejon esaten zioten herriari, euskaraz-- tradizio euskaldun handia dauka eta herriko historia ere euskaraz mintzo da. Bertako eraikinik esanguratsuenetako bat Bengoechea Hotela da, 1910ean estilo romaneskoan Jose Bengoechea negoziogizon aberatsak eraikia, 1982tik Estatu Batuetako Leku Historikoen Erregistroan dagoena.

Haren ondoan kokatzen da Basque Fronton Park izeneko parkea, barnean 1911ean eraikitako euskal kantxa bat duena, eta herriko euskal ondarearen omeneko gune bat, euskal artzainek erabiltzen zuten karrokanpo berritu bat tartean, eta ikurriña handi baten oroitarria, bertan zona osoa egin zedin lagundu zuten familia euskaldun eta ez-euskaldunen izenak daudela. Udalarekin eginiko akordio bat medio, herriko 'Euskal Lagunak' Elmore County Basque Association euskal etxea arduratzen da mantenimentuaz. Herriko euskal aktibitateetako asko bertan egiten dira, tartean abuztuko urteroko euskal festa nagusia.

Lotura interesgarriak

-Lagun Onak Elmore County Basque Association



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia