euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakusketa batek zabalduko du igandean Pergaminon Gernika eta bonbardaketari buruzko astea

2013/06/07

Hilabetero antolatzen dituzte afariak Lagun Onak Euskal Etxeko kideek. Irudian maiatzeko elkarretaratzea (argazkiaEE)
Hilabetero antolatzen dituzte afariak Lagun Onak Euskal Etxeko kideek. Irudian maiatzeko elkarretaratzea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Igandean inauguratuko da Buenos Aires probintziako Pergaminon Gernikako Bonbardaketaren erakusketa ibiltaria. Bertako Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile, erakustaldia Mitre Geltokiko Nasa Ohiko Museoan burutuko da eta ekainaren 14 arte egongo da ikusgai. 15ean, ostera, hiriko San Nicolas oinezkoentzako kalean zabalduko da. Programaren baitan, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkari Sara Pagolaren bisita jasoko dute Pergaminoko euskaldunek ekainaren 14an.

Pergamino, Argentina. Astebeteko programa hasiko du etzi Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrenari buruzko erakusketa ahalik eta jende gehienengana heltzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sortutako erakusketa igande honetatik ekainaren 14ra bitartean bisitatu ahal izango da Pergaminoko Mitre Geltokiko Nasa Ohiko Museoan.

Erakustaldiarekin batera, ekintza sorta bat garatuko dute Pergaminoko euskal etxeko lagunek. Ekainaren 9an egingo den inaugurazioan, ‘Gernika, atzo eta gaur’ hitzaldia eskainiko du Cesar Arrondo irakasleak arratsaldeko 6:30etan. Ekainaren 9tik 13ra, arratsaldeko 4etatik 7etara egongo da zabalik. Ekainaren 13an, iluntzeko 7etan, hitzaldiaren gaia ‘Picassoren Guernica’ izango da eta hizlaria, Silvina Gerlo irakaslea.

Ostiralean, 14an, ordubietan, Pergaminoko Malvinas-eko Soldadu Ohien Elkartea lagun, haritz bat landatuko du euskal etxeak Tucuman eta Velez Sarsfield kaleetako berdegunean. Honi lotuta, Sara Pagola Euskadiren Mercosurrerako Ordezkaria bertaratuko da ekitaldian parte hartzera.

Larunbat goizeko 10etatik eguerdira bitartean, eta erakusketari amaiera emateko, erakusketako panelak San Nicolas oinezkoentzako kalean muntatuko dira. Ekintza guztiek Lagun Onak Euskal Etxea, Udaleko Kultura Azpi Idazkaritza, Pergaminoko Malvinas-eko Soldadu Ohien Elkartea, Pergaminoko Museoa eta Pergaminoko Museoaren Lagunen Elkartearen babesa dute.

Antolaketaren azken xehetasunak zehazteko afari-bilera bat egingo dute gaur gauean Lagun Onak-eko arduradunek. Bertaratuko direnek etxeko paellaz gozatu ahal izango dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia