euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakusketa batek Xabier de Landaburu euskal politikariari buruzko alderdi garrantzitsuenak argitaratu ditu

2008/02/28

Ibarretxe, Atutxa eta Landabururen semeak, erakusketaren aurkezpenean (argazkia Euskadi.net)
Ibarretxe, Atutxa eta Landabururen semeak, erakusketaren aurkezpenean (argazkia Euskadi.net)

PUBLIZITATEA

Erakusketak "Xabier de Landaburu (1907-1963): bizitza osoa Euskal Herriaren kausarentzat" du izena eta berarekin, omenaldi berezia eskaini nahi diote politikari gasteiztarrari Abertzaletasunaren Museoak eta Sabino Arana Fundazioak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Landabururen jaiotzaren mendeurrena ospatzearen karietara. Besteak beste abokatu, idazle, artikulugile, EAJko kide, parlamentari, pentsalari eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen pertsonaia honi buruzko erakusketa martxoaren 9 arte egongo da zabalik Gasteizko Amarica Aretoan.
Xabier de Landaburu XX. mendeko euskal politikaririk aipagarrienetakoa izan zen, baina Gasteiz bere jaioterrian zabalik den erakusketa honetan bere beste zenbait alde edo alderdi ere biltzen dira, hala nola soziala, kazetaritza alorrekoa, giza alderdia eta aldarrikatzailea ere, besteak beste. Erakusketak euskarazko eta erdarazko testuak dituzten panelak dauzka eta hamabi erakustokiren bitartez (edukiari dagokionez dokumentazioa, argitalpenak, objektu pertsonalak... biltzen dituztenak) gainbegirada bat ahalbidetzen du Landabururen alderdi nagusi horiei dagokienean: abokatutza, kazetaritza, idazletza eta publizitate mundua, kultur erakundeen animazioa, egunkari eta aldizkarietako zutabegintza, Euzko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) militantzia, Madrilgo Gorteetako diputatutza, Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkari-lana, nazioarteko zereginetan Agirre lehendakariaren laguntzailetza, Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligaren dinamizatzailetza, euskal elkarte europazale eta federalisten ardura, nazioarteko kristau-demokraziako lana, Radio Euzkadiko esataritza, eta Eusko Jaurlaritzako sailburu eta lehendakariorde lana.

Erakusketaren osagarri gisa, Alexander Ugalde erakusketako arduradunak --Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea, bera-- 90 orrialdeko katalogoa osatu du. Bertan Landabururi buruzko biografia, pertsonaiaren idazkiak, protagonista ezagutu zuten pertsona ospetsu batzuen lekukotasuna (Salvador de Madariaga eta Venancio del Val gasteiztar kazetari eta kronikaria, esaterako) eta gaur egungo historialari eta ikertzaile zenbaitek beraren gainean emandako iritziak jasotzen dira.

Abertzaletasunaren Museoa eta Sabino Arana Fundazioaz gain, erakusketa honako erakundeen laguntzarekin antolatu da: Eusko Jaurlaritza, IVAP-HAEE, Arabako Foru Aldundia, Antso Jakituna Fundazioa, Eusko Media Fundazioa, Arabako Lurralde Historikoko Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Deportivo Alavés, Marianistas ikastetxea, Valladolideko Unibertsitatea eta Xabier de Landaburu beraren familia. Erakusketa Amarika aretoan dago ikusgai. Jendearentzako ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera 17:30tik 21:00era eta igandeetan 12:00tik 14:00ra eta 17:30tik 21:00era.


Lotura interesgarriak

Sabino Arana Fundazioko web orrialdea
www.sabinoarana.org

Abertzaletasunaren Museoa
www.abertzaletasunarenmuseoa.org

Euskal legelarien karalogo biografikoa: Xabier Landaburu
Euskal Legezalea-n, Zuzenbidearen euskal profesionalen bloga


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia