euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengo batzordeko kideak lagun, 14. urtemuga ospatu du Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-ek

2012/05/18

110 lagunentzako afari batekin ospatu zuten Trenque Lauquengo euskaldunek euren euskal etxearen 14. urtemuga (argazkia EE)
110 lagunentzako afari batekin ospatu zuten Trenque Lauquengo euskaldunek euren euskal etxearen 14. urtemuga (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Ehundik gora lagun bildu ziren joan den larunbatean, maiatzaren 12an, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak euskal etxeko egoitzan instituzioaren urtebetetzea ospatze aldera. Buenos Aires probintziako herri honetan euskal kultura zabaltzen hamalau urte daramatzan euskal etxeak arrazoi anitz ditu pozik eta uros ospatzeko. Izan ere, Euskal Herriaren ordezkari bihurtu da erakundea bai hirian bai eskualdeko beste hainbat tokitan ere eta gero eta presentzia handiagoa du komunitatearen ekitaldietan. Ber denboran, proiektu bat baino gehiagorekin eutsi dio euskal etxeak urte berriari; tartean, hobekuntzak egingo ditu egoitzan eta herriko eskoletaraino hurbiltzeko lehiaketa bat antolatuko du. Hori, euskara eta dantza klaseei eutsiz, Koky Brua eta Alejandra Bengochearen eskutik.

Trenque Lauquen, Argentina. Argentinako hiriburutik 440 kilometro hegomendebaldera, Euskal Herritik etorritako hamaika etorkin kokatu ziren Buenos Aires probintziako herri honetan eta bertan sortu eta hazi zituzten euren familia eta bizitza berriak. Urteen poderioz, euren ondorengoek Euskal Sustraiak izeneko euskal etxea fundatu zuten, guraso eta aitona-amonen ohiturak eta kultura mantendu eta hedatzeko. Maiatza hasieran hamalau urte bete ditu erakundeak eta dena ondo doala dakienaren poztasunez ospatu zuten etxeko kide eta lagunek.

Ospatu, nola? Mahai baten inguruan, euskaldunen artean ohi denez. Enpanadek, oilaskoak, postreak eta tartak osatutako menua eskaini zuten urtebetetze afarian. Gauean musika ikuskizuna ere aurkeztu zen eta etxeko dantzariek euren koreografiak erakutsi zizkieten gonbidatuei. Azpimarratzekoa da erakundeko lehendabiziko batzordeko bi kide zeudela presente festan: oraingo zuzendaritza batzordekide ere baden Norma Mosquera eta Sara Lalli.

Euskal Sustraiak euskal etxearen urtemuga 2012 01

[Mariela Echaidek egindako urtebetetze pastela (argazkia EE)]

Urtebetetze guztietan bezala, honetan ere pastel eder bat egon zen dastatzeko. Hector Echaide euskal etxeko lehendakariaren alabak, Mariela Echaidek, euskal etxearen logoa zuen pastela prestatu zuen.

“Etorkizunari begira, bi proiektu ditugu. Alde batetik, sukalde berri bat eraikiko dugu, areto nagusiari erantsita. Beste alde batetik Kultura Azpibatzordea eskola batzuetako zuzendariekin jarri da kontaktuan euskal gaiei buruzko lehiaketa bat antolatzeko asmoarekin”, azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko kide den Miriam Oyarzabalek, “jakina, bitartean arrakasta handia duten euskara eta dantza klaseekin jarraitzen dugu”, erantsiz.

Gizatalde euskaldunaren erreferentea

Lan handiko urteak izan dira hauek eta lan hori ez da oharkabean geratu. Euskal Sustraiak euskal etxeko kideak kontutan hartuak dira eta euren lekua irabazi dute kolektibitate euskalduna ordezkatuz Trenque Lauquengo ekimenetan eta jaietan ere, hala nola, herria sortu zeneko urtemuga ospakizunetan.

Euskal Sustraiak euskal etxearen urtemuga 2012 02

[Pellegrini hirian muntatutako euskal standa (argazkiaEE)]

Baina herriaren mugak ere gainditu dituzte euskal etxeko kideek eta inguruko Pellegrini herriko Gizataldeen Jaian parte hartu dute 2012 honetan, bigarren urtez jarraian. Antolatzaileek gonbidaturik, stand bat muntatu zuten euskaldunek plater tipikoak saltzeko, Euskal Herriari buruzko informazioa eskuratuz eta oroigarri batzuk erakutsi eta salgai ipiniz. “Beste kolektibitate batzuekin batera –'frantziarra, espainiarra, arabiarra, batzuk aipatzearren'– herriko anfiteatroan aurkeztu ginen eta gainerakoei bezala parte hartzeagatik domina oparitu ziguten”, jakinarazi digu Oyarzabalek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia