euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakundearen buletinak Rio Cuartoko 'Gure Ametza' Euskal Etxearen azken berriak plazaratzen ditu

2011/06/17

Gure Ametza euskal etxearen buletinaren azala
Gure Ametza euskal etxearen buletinaren azala

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko bolada ari da bizitzen Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxea herri bertako komunitateari begirako ekintzetan zein mundurako proiekzioa dutenetan. Elkarteko lau kide --Cecilia Irusta, Iñigo Landera, Pablo Cufre eta Gustavo Echandia-- partaide izan ziren atzo, bideo bat tarteko, "Hamaika Pauso" eleberriaren pasarte bat irakurtzen Bilboko Arriaga Antzokian, 'Klasikoen IV. Irrakurraldian'. Historia, politika, hizkuntza, kirola... Euskal Herriko hainbat kultur adierazpenek leku berezia dute Cordoba probintziako euskal etxe honetan; bere kide eta lagunek guztiekin konpartitzen dituzte elkartearen buletina dela medio.

Rio Cuarto, Argentina. “Iazko bileretan adostu genuena jarraituz, komunitate osoarentzat zuzendutako ekintzak egiten ari gara 2011. honetan. Ateak zabalik dituen etxea izateak ekitaldi batzuk egoitzatik kanpo antolatzera eramaten gaitu, jende gehiagorengana hurbildu ahal izateko”, azaltzen dute euren buletinean Gure Ametza euskal etxeko kideek. Eta euskal etxetik kanpo burututako azken ekintzetako bat Cesar Arrondo irakaslearen hitzaldia izan da.

Euskal Etxeak, Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionaleko Ikasleen Guneak eta Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Departamenduak antolaturik, “Euskal Herriko gatazka politikoaren hasiera eta eboluzioa” izeneko hitzaldia eman zuen Arrondok ekainaren hasieran.

Rio Cuartoko azken ekintzak 2011 01

[Cesar Arrondok Rio Cuartoko Unibertsitatean emandako hitzaldia]

Euskal etxetik kanpo ere Maiatzaren Iraultzaren eguna ospatu zuten Rio Cuartoko euskaldunek. Hainbat herritan gertatu zen bezala, Gure Ametza-ko ordezkariak ere atera ziren kaleetara herriko kabalkadan parte hartzeko. Euskal etxearen izenean, Cynthia Sanchez, Valeria Echandia, Sergio eta Frantzisko Eguiazu, Manuel Campoamor eta Andoni Arguello Bilbaok Argentinako bandera eta ikurrina eraman zituzten “Puente del Bicentenario-Bigarren Mendeurreneko zubitik”.

Rio Cuartoko azken ekintzak 2011 02

[Rio Cuartoko euskaldunak herriko kabalkadan]

Eta kirola ere nazio baten kulturaren zati garrantzitsua da. Rio Cuartoko euskaldunek ondo asko dakite hau eta gogor entrenatzen dute pilota paletan zein esku-huska. Astearte eta ostegunetan elkartzen dira pilotariak frontoian, “Banco Nacion” klubean eta parte hartzeko gonbitea luzatzen diete interesa duten guztiei.

Rio Cuartoko azken ekintzak 2011 03

[Rio Cuartoko pilotariek dena uzten dute pilota lekuan]

Aitatu, azkenik, 'Klasikoen IV. Irakurraldia' gauzatu zela atzo Bilbon eta han ere egon zirela Rio Cuartoko lagunak. Ekitaldiko antolatzaileek gonbidaturik, Gure Ametza-ko Cecilia Irusta, Iñigo Landera, Pablo Cufre eta Gustavo Echandia bazkideek Ramon Saizarbitoriaren "Hamaika Pauso" eleberriaren 58. pasartea hurbildu zioten Arriaga Antzokian bildutako publikoari bideo baten bidez.

 



Komentarioak

  • Zorionak!

    Kaixo lagunok! Oso ondo, zuek lana oso ona egin duzue, beti bezala!

    Oskar Goitia - Eusko-Brasildar Etxea, 2011/06/18 00:46

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia