Euskal Kultur Astea irailaren 25ean hasi eta astebetez luzatuko da, elizkizunak, erakusketak, zinema eta afaria barne. Aurten 60. ediziora iritsiko den ekitaldi honetako ekintzek, azken hilabete hauetan egin direnekin batera, Euskal Etxearen 70. urteurrena ospatzea dute helburu nagusi.
Villa Maria, Argentina. Urte berezia da 2016 Cordoba probintziako Villa Mariako euskal gizataldearentzat. Irailaren 29an, 70 urte beteko dira hiriko euskal etxea jaio zenetik eta kide eta lagunek erakundearen historia omendu ez ezik, gogoz ospatu ere nahi dute. Testuinguru horretan, mota askotako aktibitateak antolatu dituzte, tartean, Euskal Kultur Astea. Villa Mariako aurtengo Euskal Kultur Asteak programa honi jarraituko dio:
-Igandea, irailaren 25ean: 10etan, lore-eskaintza hildako kide eta lagunen oroiz, La piedad Kanposantuan. 10:30etan, esker-emate meza, Santisima Trinidad Parrokian; 11.30etan, bisita Gernikako kimuari, Centenario Plazan.
-Astelehena, irailaren 26an: 20:15etan eta Emakumeen Batzordeak antolaturik, “Argentinako Euskal Diasporaren osaera” izenburuko Cesar Arrondoren hitzaldia, Euzko Etxean. Egunean zehar, Fernando Quintanaren arte lanak ikusgai egongo dira Euskal Etxeko instalazioetan.
-Asteazkena, irailaren 28an: 21etan, Loreak filmaren emanaldia Euzko Etxean.
-Osteguna, irailaren 29an: 20:30etan, urteurren-ospatze instituzionala. Fernando Quintanaren erakusketa.
-Larunbata, urriaren 1ean: 21etan, Euskal Etxearen 70. urteurreneko eta Euskal Aste Nazionalaren 60. edizioko amaiera afaria Villa Mariako Nekazaritza Elkartean. Sarrerak $350 balio ditu (umeek $180), erreserbak 453 4400 telefonoan.
Urte osoko ospakizuna
Urteroko ohi duen ekintza programa garatzen ari da aurten ere Euzko Etxea. Urtero legez, beraz, cordobatarrek Aberri Eguna, San Fermin eta San Inazio ospatu zituzten. Eta jai hauetaz gain, Zine Zikloak, Emakumeen Batzordeak antolatutako topaketek eta Umearen Egunak ere izan dute leku berezia 2016ko egutegian.
70. urteurrena dela eta proposamen berririk ere eskaini nahi izan diete euskal etxeko lagunek instituzioko kideei eta helburu horrekin ‘Anima Zaitez’ programa antolatu zuten. Programaren bidez, Euskal Herriko bi neska etorri ziren Villa Mariara, euskal kulturaren inguruko tailerrak ematera. Arantzazu Zabalak eta Garazi Urbietak bi aste igaro dituzte Euzko Etxeko lagunekin, euren musika ezagupenak, dantzak, sukaldaritza eta euskara konpartituz.