euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 17. urtemuga ospatuta, Toki Eder-ek Altube oñatiarrak sortu Jose C. Pazen Mendeurrena ospatuko du

2013/06/18

Urtebetetze guztietan bezala honetan ere partekatu ziren tartak eta sagardoa (argazkiaEE)
Urtebetetze guztietan bezala honetan ere partekatu ziren tartak eta sagardoa (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

uztailean ehun urte beteko dira Jose Vicente Altube oñatiarrak ‘José Clemente Paz’ izena jarri zionetik Buenos Aires probintziako hiri honi. Antolatzaileek gonbidaturik, Toki Eder Euskal Etxeak Mendeurreneko ekitaldian hartuko du parte bere dantza taldearekin. Euskal etxearen aurtengo urtebetetze jaian ere protagonista izan ziren bertako dantzariak. 250 bat lagun bildu ziren ekainaren 9an hiriko Altube Klubean Toki Eder-en 17. urtemuga ospatzeko eta paella ederra dastatzeaz gain, Gure Talde Alai-ren emanaldiaz ere disfrutatu ahal izan zuten. Etxeko alkate berria ere hautatu zuten 2013-14 eperako, Roque Grillo Arturi.

Jose C. Paz, Argentina. Egun osoko jaia antolatu zuten Toki Eder-eko lagunek euskal etxearen 17. urtemuga ospatzeko. Hitzordua, urtero bezala, Altube Klubeko areto nagusian izan zen eta 250 gonbidatu bildu zituen, tartean, Gral. Rodriguez, Suipacha, Lujan eta Morenoko euskal gizataldeen ordezkariak.

Argentinako bandera eta ikurrina sartu ondoren, Argentinako eta Euskadiko ereserkiak entzun ziren, publikoa zutik. Segidan, etxeko kide eta Udaleko Kultur Zuzendaria den Carlos Narvaez-ek ongietorria eman eta eskerrak luzatu zizkien hiriko erakundeetako agintariei. Bazkaria zerbitzatu aurretik eta zeremonia ofizialari amaiera emateko, Toki Eder-eko lehendakari Lidia Lucia Lechardoyk euskal etxearen historiari buruzko hitz batzuk esan zituen.

Jose C Pazeko Toki Eder-en 17 urtemuga 2013 01

[250 bat lagunentzako paella erraldoia prestatu zuten Jose C. Paz-eko euskal etxeko kideek ekainaren 9an burututako festan. Bildu ziren gonbidatuen artean Gral. Rodriguez, Suipacha, Lujan eta Morenoko euskal gizataldeen ordezkariak eta hainbat erakunde eta eskoletako agintariak aipa daitezke (argazkiaEE)]

Gonbidatuek bazkaltzen zuten bitartean, dantzariek euren koreografiak aurkeztu zituzten aretoko tauletan. Egin zituzten piezen artean ‘Txulalai’, ‘Koadrile’, ‘Fandango’ eta ‘Txapeloaz’ aipa daitezke. Dantza, arratsaldean zehar luzatu zen musika ikuskizun batekin. Zozketak ere egin ziren. Aurtengo sari garrantzitsuena, kostaldera joateko bi txartel.

Jose C Pazeko Toki Eder-en 17 urtemuga 2013 03

[Toki Eder-en 17. urteurren jaian eta opari gisa, Gure Talde Alai-ko dantzariek Euskal Herriko dantza sorta hautu bat eskaini zuten (argazkiaEE)]

Bukatzeko, euskal etxetik jakinarazi digute instituzioko alkate berria hautatu zutela urteurren jaian. 2013-2014 eperako aukeratua Roque Grillo Arturi izan da. Jaia ‘Zorionak Zuri’ abestiarekin bukatu zen.

Datozen ekintzak

Huirrengo hilabeteei begira, urte hasieran kaleratutako programarekin jarraituko du euskal etxeak. Baina hitzordu berriak ere izango ditu. Datorren hilabetean ehun urte beteko dira Jose Vicente Altube oñatiarrak ‘José Clemente Paz’ izena jarri ziola Buenos Aires probintziako Jose C. Paz hiriari eta hori dela eta bi ekitaldi burutuko dira. Zeremonia ofiziala uztailaren 13an izango da, goizeko 11etan; bestea, ekitaldi kulturala, abuztuaren 3an izango da arratsaldeko 7etan. Festa honetan Toki Eder-ek izango du bertako euskal gizataldea ordezkatzeko ardura.

Horretaz gain, eta euskal etxeko egoitzan, honako ekintzak garatuko dira:

-Ekainaren 22an, arratsaldeko 5etan, Zine Zikloaren hirugarren emanaldia: ‘Aupa Etxebeste’ 
-Ekainaren 28an, arratsaldeko ordu 2etan, Literatur Tailerra
-Uztailaren 6an, arratsaldeko 5:30etan, Mariana Fernandez Castelli irakaslearen ‘Euskal Herriko bideetan zehar, geografiaren ikuspuntutik’ hitzaldia
-Abuztuaren 3an, arratsaldeko 5etan, Mikel Ezkerroren ‘Euskal Herriaren jatorria’ hitzaldia



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia