euskal diaspora eta kultura
2012/12/17
PUBLIZITATEA
Balcarce, Argentina. Jendearen engaiamendua behar da euskal etxe bat sortzeko. Eta jendearen engaiamendua, indarra, denbora eta presentzia ere euskal etxe bat biziarazteko. Balcarce’ko Euskaldunak-en gertatzen ari dena ez da berria, ezta arraroa ere. Arrazoi ezberdinengatik jendea urrundu egiten da batzuetan elkarteetatik. Astirik eza, errutina, lana… “Barrualdeko herrien kasuan, gainera, gazteak kanpora joaten dira ikastera eta hiri handietako euskal etxeko dantza taldeetan sartzen dira”, gehitzen diote Balcarce-tik EuskalKultura.com-i. Egoera ez da erraza baina kontuan izan behar dena da erakunde batean zenbat eta lagun gehiago egon, orduan eta errazagoa dela proiektuak gauzatzea, dio gogoetak.
Balcarce`ko Euskaldunak-eko kideek badakite estualdi batean daudela baina ez dute itxaropenik galdu nahi. Horregatik, helarazi diote kezka euren komunitate osoari. Hona hemen gutuna:
“Egoera larria da egun hauetan Balcarce’ko Euskaldunak euskal etxea bizitzen ari dena. Are gehiago, bere existentzia ere arriskuan dago eta horregatik jakinarazi nahi diegu euskaldun guztiei, etxeko kide direnei eta baita kideak ez direnei ere, ideiak eta irtenbideak proposatuko direlakoan”.
“Eskualdeko beste hainbat herritan bezala, XIX. mendean euskaldun ugari kokatu ziren Balcarcen, eta euren arteko topaketak antolatzen hasi ziren Euskal Herriko kultura eta ohiturak mantentze aldera. Euskal etorkinek beti izan zuten euren kulturarekiko errespetu handia eta hori dela eta mantendu nahi izan zituzten euren ohiturak, hizkuntza, kirola eta jaiak”.
“Euskal etxeak sentimendu horren beharra dauka. Balcarce’ko Euskaldunak erakundea Euskal Herriko kulturaren ordezkaria da herrian eta gure sorlekuarekin lotura mantendu nahi dugunon bilgunea. Dantza taldea, Mus Txapelketak, tabernak… hauek dira beste batzuen artean garai batean euskal etxean burutzen ziren ekintzak. Gaur, ordea, ezin diegu horiek bezalako proiektuei aurre egin jende faltagatik”.
“Kari horretara, hiriko euskaldun eta euskal etxeko kide guztiak gonbidatu nahi ditugu datorren abenduaren 18an iluntzeko 8etan burutuko dugun bileran parte hartzera. Egoeraren berri eman nahi diegu eta irtenbideak aztertuko ditugu instituzioa desager ez dadin. Bilkura General Balcarce klubean 17. kaleko 733 zenbakian izango da”.
Gogora dezagun Balcarce`ko Euskaldunak Euskal Etxeak 40 bat kide dauzkala gaur eta General Balcarce Klubean alokatutako areto batean funtzionatzen duela. Etxeko dantzarien azken emanaldia, Mar del Platako Denak Bat-ek Aralarko Mikel Deunaren omenezko egindako jaialdian izan zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus