euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Eraikuntza Sutegi', Gral. Las Herasetik mundura eta izen euskaldunarekin iristen den metalgintzako enpresa

2011/04/07

Gral. Las Heraseko 'Eraikuntza Sutegi'-ren logoa
Gral. Las Heraseko 'Eraikuntza Sutegi'-ren logoa

PUBLIZITATEA

XIX. mende bukaeran Gral. Las Heras-era heldu zen lehenengo Echegaray artzain ibili zen hainbat urtetan eta esne ekoizpenean gero. Baina euskaldunek betidanik izan duten burdinarekin lan egiteko zaletasun hori ere bazuen Nafarroako Azkarate herrian jaioa zen mutil harek eta herritarren oinarrizko beharrak betetzeko errementeria txiki bat muntatu zuen bere esnetegiaren ondoan. Denbora aurrera joan zen eta burdingintzan aritzeko joera belaunaldiz belaunaldi pasatu da Echegaray familian. Gaur egun 'Eraikuntza Sutegi' (sic) metalgintza enpresak 26 herrialdetara esportatzen ditu hazi-tratamendurako makinak eta ikurrina aukeratu du identifikagarri.

Gral. Las Heras, Argentina. 'Eraikuntza Sutegi - Metalurgica Echegaray Construcciones' (sic) enpresa Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian dago kokatuta, 200 zenbakidun errepide alboan. Hazi-tratamendurako makinen arloan aitzindariak dira. Belaunaldiak daramatza Echegaray sendiak metalgintza alorrean, eta istorio guztiak bezala honek ere bere hasiera du.

“Gure birraitona Martin da 1870ean argentinaratu zen lehenengo Echegaraytarra. Heldu zenean, artzain ibili zen eta gero esnetegi bat sortu zuen herrian. Berea lehenengo esnetegietakoa zen bertan. Hona etorri ziren immigrante asko bezala, animaliekin lan egin zuen birraitonak, animaliekin hizkuntza ez baitzen arazoa”, azaldu dio EuskalKultura.com-i 'Eraikuntza Sutegi'ko arduraduna den Luis Echegarayk. “Baina ezaguna da oso euskaldunek burdinarekin lan egiteko duten tradizio eta gustukoa eta Martin ez zebilen estereotipo honetatik urrun. Martin birraitonak zein aitona Mariok esnetegian lan egiteaz gain, errementeria txiki bat ipini zuten. Behiak jetzi ondoren, beren edo auzoko kideen gurdiak konpontzen ematen zuten denbora. Baina lana ez zen dena”, aitortzen du Echegarayk. “Herrian frontoi bat ere bazegoen eta bi euskaldun elkartzen zirenean pilota partida jokatzen zuten. Hori egiteko bazegoen denbora; bezeroak ez ziren haserretzen partida bukatu arte itxaron behar bazuten”, kontatu digu irria ezpainetan Echegarayk.

'Eraikuntza Sutegi'-ren leloa 2011 01

['Eraikuntza Sutegi'-ren leloa: "Munduko bihitegian euskal argentinarrek egindako makinak"]

Martin eta Mario Echegaray-k sortu zuten tailer hura nazioarteko proiekzioa duen enpresa bihurtu zen denborarekin. Gaur egun 'Eraikuntza Sutegi'an hazi-tratamendurako egiten diren makinak munduko 26 herrialdetan –besteak beste Estatu Batuetan, Hegoafrikan eta Uruguain– saltzen dira. “Makinok nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpena hobetzeko balio dute eta ez dira beste inon fabrikatzen. Horretaz gain, ingeniaritza zibil lanak eta ikerketa zientifikoak ere garatzen ditugu gure lantegian”, jakinarazten digu enpresaren jabeak.

'Metalurgica Echegaray' 'Eraikuntza Sutegi' bilakatua 

“Teknikaria eta ingeniaria izanda ni banengoen burdingintzan murgilduta baina beste era batean. Eskola tekniko bateko zuzendaria nintzen baina 90 hamarkadan aldaketa batzuk gertatu ziren hezkuntzan eta ados ez nengoenez, uko egin nion karguari. Nire aitak beti esaten zuen elkarlanean zegoela indarra eta hori buruan animatu nuen neba nirekin lan zezan”, gogoratzen du Luis Echegarayk.

“1999an Italiara joan nintzen makina bat erostera eta burdingintza arloko aurrerapenak ezagutzeko asmoarekin Euskal Herria ere bisitatu nuen. Momentu hartan nik ez nekien euskalduna izatea zer zen. Txikitan euskaldunen jaietara joaten nintzen aitarekin baina ez nuen jai horien esanahia ezagutzen. Euskal Herrira heltzean eta hango paisaiak eta bizimodua ezagutu nituenean erabat txunditu nintzen. Zoragarria zen dena. Euskal argentinarra nintzela esaten nuenean ateak irekitzen zitzaizkidan; nirekiko izan zuten jarrera primerakoa izan zen. Etxeratu nintzenean Gral. Las Heraseko beste euskaldunei Euskal Herria zer zen kontatu behar niela sentitu nuen. Irratietako programa batzuetan hartu nuen parte eta egunkarian idazten hasi nintzen. Are gehiago, enpresaren izena aldatu nuen. Lehen 'Metalurgica Echegaray' zena 'Eraikuntza Sutegi' bihurtu zen. Guk fabrikatzen ditugun makinak ikurrinak dituzte geroztik identifikagarri. Behin baino gehiagotan gertatu zait nekazaritza eta abeltzaintzako erakustaldietan jendea ikurrinengatik hurbiltzea. Gure leloa Munduko bihitegian euskal argentinarrek egindako makinak da”.

Gral. Las Heraseko Euskal Etxea

Baina Luis Echegaray-ren Euskal Herriarekiko maitasuna ez da hor gelditu. Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxearen laguntzarekin Gral. Las Heraseko Euskal Etxea ari da berpizten.

Luis Echegaray 2011 02

[Luis Echegaray (argazkia EuskalKultura.com)]

“1960. urte aldera jatorri euskalduna zuten lagun batzuk hasi ziren biltzen hemen, Gral. Las Herasen, euskal etxe bat sortzeko. Proiektuak ez zuen asko iraun. Euskal Herriko bidaiatik bueltatu nintzenean, euskal etxea berriro sortzeko nire nahia oso handia zen eta erantzun ona lortu nuen herrian. Hasieran oso gutxi ginen baina orain ehun bat lagun gara. Euskal Etxearen egoera formalizatu behar dugu, batzordea osatu eta izaera juridikoa lortzea da gure helburua. Baina hori baino garrantzitsuena da niretzat familia osoarentzat proposamenak izatea eta euskaldunen balioak belaunaldiz belaunaldi transmititzea”, diosku General Las Heras-eko euskal argentinar kementsu honek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia