euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eraikin berri moderno eta aurreratua estreinatzen ari dira gaur Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegia eta Euskal Ikasketen Zentroa

2008/07/18

Gaurtik aurrera Euskal Ikasketen Zentroa eta Euskal Liburutegia baitaratuko dituen eraikina obrak amaitzeke zeudenean (arg. EuskalKultura.com)
Gaurtik aurrera Euskal Ikasketen Zentroa eta Euskal Liburutegia baitaratuko dituen eraikina obrak amaitzeke zeudenean (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iritsi da eguna eta gaur estreinatuko dute Nevada-Reno Unibertsitate (UNR) estatubatuarrean bertako Euskal Liburutegiaren eta Euskal Ikasketa Zentroaren egoitza berria, Unibertsitatearen Renoko kanpusean bertan baina 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin eraiki berri modernoaren baitan. UNR Unibertsitatean berrogeita bat urtetik gora eginak dituen euskal adarrak 'Getchell Library' delako liburutegi eta eraikinaren barnean izan dute orain artean bere egoitza. Ez dute telefono zenbakirik aldatuko baina egoitza fisikoa eraikitzen amaitu berria den eraikin moderno dotorea izango dute aurrerantzean Nevada-Renoko Euskal Liburutegiak eta Euskal Mintegiak. Publiko orokorrarentzat abuztuaren 11ean zabalduko da eraikina.

Reno, Estatu Batuak. Orain arte egoitza izandako Getchell Liburutegitik, eraikitzen ari ziren Mathewson-IGT Knowledge Center eraikin berrira aldatzeko data zenbaitetan atzeratu bada ere, gaur osteguna da Renoko Euskal Liburutegia eta Euskal Ikasketen Zentroa (bertako zenbaitek, lehen, euskaraz, Euskal Mintegia deitzen zutena) egoitzaz aldatzeko finkatutako data ofiziala. Gaur hasiko dira lanean bertan, alegia. Eraikin erabat berri eta modernoa da Mathewson-IGT Knowledge Center, eta bertara aldatu(ko) dira Euskal Liburutegia --organikoki Liburutegi Nagusiko adar bat dena-- zein harengandik organikoki desberdin, baina funtzionamenduz gauza askotan parekoa edo lan arloari begira sarritan lotua den ingelesez Center for Basque Studies eta euskaraz Euskal Ikasketa Zentrua edo Euskal Mintegia izenak hartzen dituen gune akademiko edo ikertzailea.

Bertakoentzat aldaketa nabaria bada ere, bi gune hauekin kanpotik harremantzen direnentzat ez du begibistako aldaketa handirik ekarriko, telefono zenbaki berberak segituko baitute. Egoitza batetik besterako material garraiatzeari joan den maiatz hasieran ekin zitzaion --euskal zein bestelako adarretan-- eta bitartean sarbidea mugatua izan du Getchell Liburutegiko ohiko eraikinak.  Eraikin berria --building 85-- Renoko kanpus berean kokatzen da, Virginia Streetetik sarrera duen aparkaleku eraikinaren parean. Izan ere, bisitariek aparkaleku eraikin horretan utzi ahal izango dituzte euren autoak, dagokien aparkatze txartela ordaindu ostean, ohi denez. Gaur langileentzat, eta abuztuaren 11ean publiko orokorrarentzat zabalduko da eraikina.

Lotura interesgarriak

Eraikin berriaren webgunea
www.knowledgecenter.unr.edu

Euskal Liburutegia, helbide horren barnean
www.knowledgecenter.unr.edu/basquelibrary

Center for Basque Studies
http://basque.unr.edu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia