Eder Montero bilbotarrak eta jatorri argentinarra duen Alex Raij estatubatuarrak duela zazpi urte zabaldu zuten Txikito jatetxea New Yorkeko bihotzean. Hasieratik saiatu izan dira jende berria erakartzen, eguneroko bazkari eta afariak zerbitzatzeaz gain, ekitaldi bereziak antolatuaz. Eta horixe egin berri dute 60 bat lagun bilduz euskal jantokira, Euskal Herriko sagardotegi afari batez gozatzeko intentzioarekin. “Erabat murgildu ginen euskal kulturan, bazkari, musika, bideo, musika eta abarrei esker”, azaldu dio Monterok EuskalKultura.com-i.
New York, AEB. Aste luzeak eman zituzten festa antolatzen Montero, Raij eta Emily Lobsenz zinemagile amerikarrak, webgunean albiste guztiak eskegiaz eta, biharamunean, joan den asteko astelehenean, ekitaldia “erabat arrakastatsua” izan zela adierazi zuen bilbotarrak. “Salgai zeuden 50 txartelak saldu genituen eta gurekin lan egin duten beste hamar lagun gonbidatu genituen”. Guztira, 60 pertsona batu ziren, normalean 70 eta 75 bitarte bazkaltiar izaten dituen Txikiton.
Monterok aipatu du gerturatutako gehienak amerikarrak zirela eta ez zutela Euskal Herriarekin lotura berezirik, bai ordea “esperientzia berriez gozatzeko gogoa”. Horien artean, hiri erraldoian lan egiten duten beste hainbat sukaldari ere izan ziren –ongi etorrirako pintxoak prestatu zituztenak−, bai eta sagardoa eman zieten sagardotegietako jabeak, Shacksbury Cider, Aaron Burr Cider, Farnum Hill Ciders eta Petritegi.
Arratsaldeko 17:30ean hasi zen dena, eta jatetxeko sarrerako barra, “Bilboko eta Donostiako tabernetan legez”, pintxoz lepo zegoen: Alga eta Pikilloko piperrekin zerbitzatutako eskabetxean egindako muskuiluak; hostopil txistorra; erregositako behikia, azalore pure, olio min eta perrexilarekin; frijitutako ostra ogitartetxoak… New Yorken diharduten hainbat sukaldarik sortutako errezetak ziren hauek, tartean Alta Marea Group-eko Amador Acosta eta Alina Martell; Cúrate-ko Katie Button; Bar Mateo-ko Matthew Kelly; Dough eta La Newyorkina-ko Fany Gerson; Basqueland Brew Project-eko Kevin Patricio; eta Bilboko Gure Toki tabernako Ivan Siles. “Hamaika zapore sortu zituzten”, esan du, esker onez, Monterok.
Euskal Herriko irudiak eta Lobsenz-ek berak zuzendutako hainbat filmetako irudiak ikusgai zeuden jatetxean, sakabanatuta, jarri zituzten bost pantailetan. “Aitor deitzen den Pasaiako mutil bat dago gurekin lanean eta negar batean hasi zen Trintxerpeko argazkiak ikusita”, aitortzen du antolatzaileak.
‘Txotx!’
Pintxo dastaketa hasi eta ordu batera ailegatu zen afaria mahaietara, bai eta 2014ko sagardoa, kupeltik behera, edalontzietara. Aurrera eta atzera zebiltzaten han, “Euskal Herrian bezala”, leku batetik bestera, sagardoa berriz ere edatera altxatu eta beste toki batean jesarriz lagunak.
Sagardotegietan izan ohi den menu antzekoa izan zuten New Yorken ere: tortilla, Gernika eta Pikilloko piperrak, bakailao kroketak, txuleta patata frijituekin eta Idiazabal gazta, intxaur eta menbrilloarekin. Baina txuletari brasako zaporea emateko, hainbat trikimailu sortu behar izan zituzten sukaldariek, Sagar Handiko jatetxeetan ezin baita ikatzik erabili. Beretzat gorde nahi dute sukaldariek trukua, ez omen baitzen gauza sinplea izan.
Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta abarren melodiek bete zuten giroa, arratsalde-gau osoan zehar. Txalaparta bat ere bazuten han, baina zeinek jo ezin izan zuten lortu, eta dekorazio moduan baino ez zuten erabili.
Gautxorienek gauerdia baino gutxi lehenago atera ziren Txikitotik, Raij, Montero eta Lobsenz pozarren zeudela eta beste ekitaldi berezi bat antolatzeko gogotsu: “Noiz eta nola egingo dugun ez dakigu oraindik, baina egingo ditugu gehiago; jendeak gustuko baititu eta guk ere bai”.