Besarkada sinbolikoa Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria hiriko Gernikako Arbolaren kimuari eman zioten bertako Euzko Etxeak eginiko deiari erantzun zioten lagunek. Eta egin ere datorren igandean Bilbo, Donostia eta Gasteiz batuko dituen Giza Katearekiko atxikimenduz egin zuten. Gure Esku Dagok eratutako ekimenarekin ere bat egin dute diaspora argentinarrean Chascomus eta Rosarioko Euskal Etxeek. Eta maiatzean, "Buenos Aires celebra" ekitaldira bildutako hainbatek. 201,9 km-ko luzera izango du EHko kateak.
Villa Maria, Argentina. Ekainaren 2an Villa Mariako Mendeurreneko Plazara bildutakoak ziento erdi bat lagun zan ziren, eta bertan dagoen Gernikako Haritzaren kimua eskuak elkarri emanez inguratu zuten, besarkada sinboliko batean. Horretarako deia, Villa Mariako Euzko Etxea elkarteak egin zuen, Euskal Herrian ekainaren 10ean Gure Esku Dagok deituta osatuko den Giza Kateari atxikimendu eta babesa adierazteko.
Ekitaldia arratsaldeko 4:30etan hasi zen eta bertara bildutako publikoa egoeraz jakinaren gainean jartzeko Gure Esku Dago (GED) herri dinamika zer den eta bere asmoak, eta Euskal Herrian Gasteiz, Bilbo eta Donostia batuko dituen ekimena zertan datzan azaldu zuten antolatzaileek.
Segidan eta sinbolismoarekin jarraituta, Euzko Etxeko dantzariek ‘Aurreskua’ dantzatu zuten, ondoren euskal elkarteko abesbatzak Argentinako ereserkia eta ‘Gernikako Arbola’ abesteko. Doinuek arratsaldea girotu zuten eta bost minutuz, eskuz hartuta, Gernikako Arbolaren kimua inguratu zuten bildutako lagunek.
Ekitaldia musikaren erritmora bukatu zen. Etxeko danbor jotzaileek San Sebastian Martxa eta Diana jo zituzten eta dantzariek publikoa gonbidatu zuten Jota bat dantzatzera. Aktibitatearen koordinatzaile Silvina Arreguik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, Villa Mariako besarkadaren bideoa Gure Esku Dago-ri bidali zaio igandeko Giza Katean erabil dezaten.
Ez da hau, ordea, Euskal Giza Katearen alde Argentinan plazaratu den babes mezu bakarra. Rosarioko Zazpirak Bat eta Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeetan ere osatu zituzten joan den asteburuan kate sinbolikoak Euskal Herrian egingo denarekin bat egiteko. Halaxe gertatu zen maiatzean ere "Buenos Airesek EH ospagai" (Buenos Aires celebra al Pais Vasco) elkarretaratze handian eginiko babes ekintzarekin. Eta asmo berarekin, datorren larunbat honetan, Euskal Herriko ekitaldiaren bezperan, Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiak Giza Kate batekin emango dio hasiera bere bere Triki-poteo arrakastatsuari.