Diasporarentzat eta Diasporarekin eginiko irratsaioa da "8 Herrialdeak Zuzenean", eta mundu osoko entzuleengana heltzen da, internet bidez. Benoit Etcheverry eta Robert Acheritogaray dira saioko esatariak, eta lau hizkuntza erabiltzen dituzte: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania. Igandean egingo da hil honetako saioa, adi egon!
Uztaritze, Lapurdi. 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioa igande honetan aireratuko da, eta ohi bezala, euskal Diasporari buruzko gaiak izango ditu mintzagai ordu t'erdiko saioan. Emanaldia 20:00tatik 21:30ak arte izango da (Euskal Herriko ordua). Zuzenean entzun daiteke Euskal Irratiak-en (106.60 FM) edo internet bitartez honako webguneetan: www.euskalirratiak.info edo www.gureirratia.eu, Baionan egoitza duen 8Probintziak elkarteak sustaturik.
Saioaren aurkezleak Robert Acheritogaray eta Benoit Etcheverry izango dira. Joana Asurmendi ezingo da hor izan aldi honetan, Etcheverry-k Euskalkultura.com-i azaldu dionez.
Apirilaren 5eko gaiak honako hauek izango dira, besteak beste:
- Marsellako Euskal Etxea: zuzenean elkarrizketatuko dituzte Fernando Zabalza lehendakaria eta Kristel Poquet idazkaria.
- Gure Esku Dago Boisera: Gure Esku Dago herri ekimena Boiseko Jaialdian izango da eta Jon Camio kideak bidaiaren nondik-norakoak azalduko ditu.
- 8 Herrialdeak Zuzenean elkartearen 10. urteurrena (eta crowdfounding kanpaina).
- SCIC SA ZUBIAK kooperatibaren sorkuntza.
Bestalde, aipatu igandeko saioa Michael Gil de Muroren izenean egingo dela. Orain dela bi aste hil zen Michael, 36 urte zituela. META IT enpresaren sortzaile, ordenagailu ekologikoak egiten zituen eta SCIC SA ZUBIAK kooperatibaren webgunea egiten ari zen. Euskal arbasoak aurkitu zituen eta euskara ikasten ari zen.
Saio bereziki eskainia izango da ere Caroline Amiral entzulearentzat (Angers-ko ospitaletik jarraitzen du saioa joan den urritik).
-"8 Herrialdeak Zuzenean" saioaren Facebook orria, hemen.