Boise, AEB. Orain aste batzuk, Boisen bizi den Todor Azurtzak koronabirusaz idatzitako bertsoak ekarri genituen ordialde hauetara. Todor Boiseko Euskal Etxeko zuzendaritzako kide hautatu zuten aurtengo urtarrileko batzarrean eta askotan erantzun behar izaten die bere auzoko amerikarren euskara eta euskal kulturari buruzko galderei, eta galdera hauetako batzuei bertsotan erantzutea pentsatu du, erantzun hauen isla Boiseko Euskal Etxearen Euzkaldunak buletinean eta EuskalKultura.eus-en emanez.
Gaurkoan, ingurukoek, euskarak harribitxi duen bertsolaritzaz egindako galderei ihardetsiz osatu ditu bertsoak. Bertsoak euskaraz osatu eta alboan ingelesezko itzulpena ezarriz zabaldu ditu. Aurrekoan bezala, bere bideoa ere sartu dugu, bertsook kantatuz.
(Gogora dezagun Venezuelako Caracasen euskal familia batean jaio eta Donostian hazitako euskalduna dela Todor. Sei urterekin Donostiara aldatu zen familiarekin eta hogei urteak arte bizi izan zen bertan. Ondotik, Londresen bizi, Parisen zenbait urtez, eta bidaia frango harat-hunat munduan barrena. Izan ere ongi menperatzen ditu euskaldunen lau hizkuntzak. Azkeneko urteetan Estatu Batuetan kokatuta, lehenik New Yorken eta hondarreko lau urteetan Boisen, bere bikotea Idahoko euskalduna baita, Geneva Ayarra, aitatxi Nafarroako eaurtarra eta amatxi Marie urepeldarra. 'Diasporako euskalduna' sentitzen da gehienbat Todor Azurtza)
Hona bertsoak:
Maiz jende askok gure jaietan bertso saioa ikusita
entzundakoa ezin ulertuz egiten dute kritika
kuskizuna motela dela oso laua estetika
ahots kaskarra dutela eta faltatzen dela musika
saiatuko naiz azaltzen hemen bertsoak duen lirika
gurea dugun ohitura zaharra zergatik den hain polita.
Ez gara joaten bertso saiora ahots onak entzutera
nahiz eta kanta erabiltzen den bertsoa ez da Opera
hitzak, silabak eta errimak jarriaz denak batera
bertsolaritza poesia da bapatekoa gainera
sentimenduak, emozioak helaraziz bihotzera
bertsolaria dator plazara ikuslea hunkitzera.
Arte forma hau azaldu nahian saiakeran gu gabiltza
hitz joko hauek disfrutatzeko hizkuntzan daukagu giltza
hitzen mamia aditu ezean dena baita ulergaitza
gure hizkuntzak emanen die bertsoei beren bizitza
baina bestalde Euskarak dauka euskarri bertsolaritza
ohitura honek mantentzen baitu bizirik asaben hitza.
Ederra, Todor, eskerrik asko!