euskal diaspora eta kultura
2012/07/06
PUBLIZITATEA
Elko, Estatu Batuak. Izan ere, Basque up! izan da bertako euskaldunek aurtengo Elkoko Basque National Festival-eko eslogan edo lelo gisa hautatu duten esaldia. EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, horrekin adierazi nahi izan dutena da, euskaldun (Basque) izatea eta tradizioei eustea ongi dela eta beharrezkoa dela, baina euskalduntasun horretan areago joateko aldarria egiten dutela eurak, euskaldun izate hori edukiz betez, ezagutza eta ezagupenez, euskal historiaz eta euskara eta euskal kulturaz gehiago ikastearen aldeko urratsak emanez eta joera horri eutsiz, Basque up euskalduntasuna findu eta edukiz hornitzea litzateke. Euskaraz labur eta zehatz esatearren, Basque hori izena izatetik egiazko izana izatera pasatzea. Hori ipini dute aldarri eta helburu.
49. ediziora heldu da aurten Elkoko euskal jaia, eta horrek esan nahi du datorren urtean mende erdi bat beteko duela Nevadan modu instituzionalizatuan eta etengabe urtero ospatzen tematu den euskal-amerikar elkarretaratze zaharrena den honek. Kari horretara, aurtengo jaia datorren urtekoaren aitzindari eta bide-urratzaile izan da, datorren urtean ere 50. urteurren hori ospatzearekin batera (hemengo euskaldunek baina bertako herriak, Udalak eta biztanleak oro har, euskaldunak hemengo osagai eta gizatalde aktibo eta ekartzaileena baitira) NABOk ere bere urteko Biltzar Nagusia egingo baitu ostera ere Elkon, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeetako ordezkariak hiri honetara arra deituz.
Gaur ostegunez, arratsaldeko seietatik aurrera egingo da Basque National Festival-aren inaugurazioa. Horren aurretik, goizeko zortzietatik aurrera NABO bere 2012ko Biltzar Nagusia ari da egiten herriko Great Basin College delako ikastetxean, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeetako ordezkariekin. 13:00etan, NABOk babesten duen eta bere izenez antolatzen duen haurren mus txapelketa nazionala izango da. Gero, seietan, euskal jaiaren inaugurazio ofiziala, eta dantzarien emanaldiak, herri kirolak, zezenen bertako bertsioa (aurten portuges amerikar ganaderia baten zezenez), hori guztia Elkoko Fairgrounds edo azoka eta rodeoen lekuan; eta euskal festa eta giroa nagusi herriko kaleetan eta euskal jatetxeetan.
Larunbatean, uztailaren 7an, San Fermin egunean beraz, goizeko seietan 5K run izeneko lasterketa egingo da, urtero legez. Eta hamarretatik aurrera, eta Elko erdiguneko kale nagusiak zeharkatuz, kabalkada edo parade (desfilea), euskal jaialdia eta Uztailaren 4eko jai amerikarra bildurik. Eguerdiko 13:30etatik, rodeo eta azokalekuko ateak zabalduko dira berriz ere, bertan arratsaldepasa egin nahi duenak eskuragarri topa ditzan tabernak, euskal gauza eta oroigarrien saltokiak eta euskal programa oso bat; tartean euskal musika; aizkolariak, harrijasotzaileak, sokatira eta bestelako herri-kirolak; dantza taldeak Kaliforniatik (Chino eta San Frantzisko), Utah-tik (Salt Lake), Idaho (Boise) eta abarretik etorriak, Elko bertakoez gain; lukainka/ txorizo / odolki / tripota lehiaketa; haur jokoak, ardien entzierro bat barne, haur txikiak ardien aurretik korrikalari; eta helduen entzierro edo sokatira modukoa, zezenen aurrean.
Arratsaldeko seietatik aurrera, baina Udal Parkeko pilota kantxan, pilota partidak esku huska eta palan, emakumezko eta gizonezko kategorietan. Eta iluntzeko bederatzietatik aurrera, Elko Basque Club-en egoitzan, dantzaldi herrikoia, horretarako Boisetik propio etorritako Amuma Says No talde euskal-amerikarrarekin, ohi bezala Jill Aldape lider eta kantari.
Igandean, azkenik, goizeko zortzietatik, pilota partidak Parkeko kantxan, finalekin amaiera emanez txapelketari. 11etatik aurrera, euskarazko meza parkean, aire librean, dantzariak, bertsolariak eta euskarazko musika eta kantuak edergarri, besteak beste bereziki ohoratuz eta patroi santu harturik Balendin Berriotxoa. Ondoren artzain-ogi enkantea eta NABOren 'Bizi Emankorra' plaken emate-ekitaldia, 2012ko saridunak Mary Gaztambide (Salt Lake City) eta Elko bertako Anita Anacabe Franzoia izanik, euren bizitza osoa euskaldunei eta euskal kulturari eskaintzeagatik.
Eguerdi t'erditan, bakari legearen ordua, kasu honetan legea ederki pasatzeko moduarekin, barbakoa gisa prestatua, Elkoko euskal etxeko taldea prestatzaile. Parkean eskulanak, oroigarriak, euskal musika eta liburuak, haltzari eta diseinuak salgai; lehiaketak, jota/fandango eta irritziena; eta Elkora bildutako euskal dantza taldeen emanaldiak, guztia Elkoko Udal Parkean.
Argibide gehiago:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus