Comodoro Rivadavia, Argentina. Covid-19gatiko osasun egoerak behartuta Comodoro Rivadaviako Gizatalde Atzerritarren Elkarteak bigarren urtez segidan bertan behera utzi behar izan du aurten hiriko Gizataldeen Jaialdi jendetsua, behintzat azken 30 urteetan egin duen formatuan. Izan ere, hirian presentzia daukaten kolektibitate atzerritarrek izan, izango dute urtean zehar garatzen duten lana erakusteko aukera, baina beste era batean.
Honela, irailaren 8a bitartean hirian zehar banatutako dendetako erakuslehioak Kolektibitateen erakusleiho bilakatuko dira, elkarte nazional bakoitzak bere izaera edo jardunen adierazgarri diren objektuak aurkezturik. Euskal Etxeak Triax dendakoaz (San Martin, 248) arduratu da eta dantzari bikote bat jarri du (ikus argazkia), jantzi tipikoez jantzita, ikurrina eta liburuxka batzuekin, Euskal Diasporaren Eguneko logo eta testua lagun.
Bihar bertan, irailaren 4an, Immigrantearen Eguneko zeremonia egingo da Comodoron eta Euskal Etxeko banderadunek ikurrina eramango dute; eta azaroaren 7an Gala Arratsaldea gauzatuko da hiriko Azoka Gunean, dantza taldeak bakarrik bertaratuta. Euskal gizataldea partaide izango du, Euskal Etxeko ‘Haize Dantzariak’ taldearen eskutik.
Dantzatzera!
Ia urte osoa pasa du taldeak entseatzeko elkartu ahal izan gabe –apirilean hasi baina berehala itxi behar izan zituen ateak Euskal Etxeak– eta orain badirudi, 2021eko Gizataldeen Jaialdikoaipatu emanaldia prestatzearren egoitzara bueltatu ahal izango direla adin guztietako dantzariak.
Comodoro Rivadaviako Euskal Echea euskal elkarteko erreferente den Edu Vergel-ek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Iaz bezala aurtengo urtean zehar ere ekintza guztiak birtualak izan dira. San Juan eta San Fermin jaiak on line ospatu genituen eta baita Euskal Etxearen 98. urteurrena ere (ikus hemen). Uztailera arte ezin izan ginen elkartu; 31an, hala ere, San Inazioren omenezko meza San Juan Bosco katedralean egin genuen eta Euskal Etxeko abesbatzak kantatu zuen. Hori izan da aurrez aurreko ekintza bakarra”, jakinarazi du.
Orain, berriz, dantzariak entseguetara eta agertokietara bueltatuko dira. Guztien esperantza da gazteen ekintzak berreskuratzen hastearekin batera gainerako ekintzak ere berrabiatzea Euskal Etxean datozen hilabeteetan.