Caracas, Venezuela. Programa berri bat iragarri dute euskal diasporako irratsaioen artean, “Entre Vascos Latinoamérica”. Sebastian Inzunzak Neuquendik (Argentina) eta Manu Molinak Durangotik (Bizkaia) aurrera daramaten «Entre Vascos» irratsaioaren jarraipena izango. Latinoamerikako diasporan gertatzen dena kontatuko du, oraingoan Wilfredo Lizarzaburu Trujillotik (Peru) eta Ibane Azpiritxaga Zubizarreta Caracasetik (Venezuela) partaide. Bi hiriotako EEetako lehendakariak dira, hurrenez hurren. Apirilaren 20an estreinekoz.
Astelehenero “Entre vascos” irratsaioak arrakastaz hasia du bere hirugarren denboraldia Megafon Irratian. Oraingoan Inzunzak eta Molinak proiektu zabalago bat pentsatu dute irrati berean emateko, formatu berri batekin, adierazi diote EuskalKultura.eus-i. Saio berria asteazkenero emango dute gaueko 20etatik 22etara (Argentina eta Uruguaiko ordua, 17etatik 19etara Erdialdeko Amerikan, 18etatik 20etara Perun eta Kolonbian, 19etatik 21etara Txilen eta Venezuelan, osteguneko 00etatik 02etara Euskal Herrian).
Ibane Azpiritxaga Zubizarretak aurreratu digunez, programa berriak bost atal izango ditu: albisteen atal bat, Latinoamerikako euskal etxeetako ekimenak zabaltzeko; elkarrizketa bat kolektibitateko norbaiti; euskara klaseak; diasporan bizi diren euskaldun batzuei egindako elkarrizketa laburrak, eta diasporako datu bitxien mikro bat. Lehenengo saioa apirilaren 20an egingo dute, eta lehenengo gonbidatua Zurbaran izango da, Venezuelan jaio eta orain Bilbon bizi den musikaria.
Onena opa dizuegu proiektu berri honetan!