euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Entre Vascos’ irratsaio euskal-neuquendarrak euskal etxe txikienei eman nahi die ahotsa bere bigarren denboraldian

2021/03/10

Datorren asteko saiorako 'Entre Vascos'ek Trujilloko Euskal Etxeko lehendakaria eta Jasone Aguirre gonbidatu ditu
Datorren asteko saiorako 'Entre Vascos'ek Trujilloko Euskal Etxeko lehendakaria eta Jasone Aguirre gonbidatu ditu

PUBLIZITATEA

Neuquen, Argentina. Pandemiak behartutako etenaldia eta gero, uhinetara eta sarera itzuli da 'Entre Vascos', Argentinako 'Comahueko Euskal Etxea'ri lotuta 2019an sortutako irratsaioa. Eta Neuquenen jaio bazen ere, orain inoiz baino hobeto egokitzen zaio ‘euskal-neuquendarra’ dela esatea. Izan ere, saioak bi aurkezle baitauzka: Neuquendik, Sebastián Inzunza eta Bizkaiko Durangotik, saioak sortzaile izan zuen Rafa Molina. Kolaboratzaileak ere itsasoaren bi aldeetan: Argentinakoak zuzenean parte hartuz eta Euskal Herrikoak, ordu aldeagatik, grabatutako mezuekin.

Molinak azaldu dio EuskalKultura.eus-i ikasturte berrian programak nobedadeak izango dituela. “Gogor saiatuko gara euskal etxe txikienei lekua ematen, Diaspora osoko elkarteei gainera, Argentinako mugak gaindituz. Jakin badakigu-eta, batzuei zaila zaiela sareetan eta komunikabideetan tokia aurkitzea”, adierazi du bizkaitarrak

Astero, beraz, lekua bilatuko diete euskal etxeetako lehendakari eta arduradunei, eta aldi berean kultura, kirola, politika eta beste hainbat arlotako erreferenteak ere kontaktatu nahi dituzte. Saioa, Argentinan ekoitzia, gaztelaniaz izango da, baina astero euskara ikasteko saio labur bat ere bilduko du, Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiko lagunen eskutik.

“Ideia ugari ditugu eta datozen asteetan burutzen joango gara”, aurreratu du Molinak. Eta datorren programako izenak ere iragarri dizkigu: “dena pentsatu bezala baldin badoa Trujilloko Euskal Etxeko Leonel Berrocal Lehendakaria eta Jasone Agirre EH Bildu-ko legebiltzarkidea izango ditugu”.

‘Entre Vascos’ astelehenero emititzen da, gaueko 9etatik 11etara (Argentinako orduan), www.radiomegafon.com.ar irratian (lau ordu gehiago Euskal Herrian).

Behin programa bukatuta, hemen geratzen da entzungai.

Euskal gaiei buruzko diasporako irratsaioen egoera

Joan diren pare bat hamarkadetan euskal gaiak jorratzen zituzten irratsaio multzo polita joan zen sortzen Hego Amerikan, batez ere Argentinan, eta horien berri ematen joan gara Euskalkultura.eus-en. Horietako asko FEVAk ekoizten zuen “La hora de los Vascos” saioaren bultzadarekin jaio ziren. Gogora dezagun “La hora de los Vascos” 45 minutuko grabazioa zela, FEVAk euskal etxeen artean banatzen zuena, EE bakoitzak bere tokiko irratien eskutik zabal zezaten. Zoritxarrez ezer gutxi geratzen da urte batzuetan emankorra zirudien irratsaio panorama hartatik.

Irmo segitzen du Paranan, 'Presencia Vasca', Federico Borras Alcain esatari eta ekoizle duela 31 urte astero emititzen den saioa. Eta artikulu honetan aipagai ekartzen ari garen 'Entre vascos', bere bigarren urtean saru dena.

Koronabirusagatik, iaz etenaldi bat egin behar izan zuten beste programa batzuk, tartean La Platako ‘Euskal Sustraiak-Raíces Vascas’; Rosarioko ‘Palabra de Vasco’; eta Neuquengo ‘Voces de una Tierra noble'. Azken honi buruz, arduradunak zain daude. “Egoerak nora egiten due behar dugu jakin eta ekoizpen taldeekin hitz egin”, esan digute.

(Zeure inguruan 2021ean irrati arlorako planik baduzue, idatz iezaguzu mesedez info@euskalkultura.com-era)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia