Elkarretaratzea urriaren 14-15eko asteburuan izango da, Victorian kokatu eta bere familia bertan sortu baitzuen Bergaratik Argentinara 1860 urtean etorri zen Francisco Eguiazu Ibarzabalek. Bileraren bultzatzaile nagusia, Franciscoren herenilobetako bat den Sergio Eguiazu da. “Lehenengo topaketa honetan konfiantza hartzen hasi nahi dugu; uste baino Eguiazu gehiago daude Argentinan eta elkar ezagutu nahi dugu; eta gure arbasoen memoria ohoratu”, adierazi dio Sergio Eguiazuk EuskalKultura.com-i.
Victoria, Argentina. Iragana hobeto ezagutu eta ez ahazteko eta familiakoen etorkizuna lere ezagutza horrekin otzeko, Argentinako Eguiazutarren lehenengo topaketa ari da antolatzen Rio Cuartoko euskal kolektibitateko erreferente den Sergio Eguiazu.
Topaketa urriaren 14 eta 15ean izango da eta Chaco probintziako Resistencia; Buenos Airesko Dolores; Buenos Aires hiriburu, eta Santa Fe probintziako Rafaela, Villa Constitución, Rosario eta Santa Fe hirietako lagunak bilduko dira Entre Rios probintziako Victorian. Lekuaren hautaketa ez da kointzidentzia izan. Sergio Eguiazuren hitzetan, “bilduko garenok Bergarako Eguiazu familiaren ondorengoak gara. Iaz Euskal Herrira egindako bidaia batean herenaitonaren bataio agiria aurkitu nuen Donostiako Seminarioan. Badakigu Argentinara etorrita Victorian kokatu zela eta bertan sortu zuela familia”.
“Gutxi dakigu Francisco Eguiazu Ibarzabal herenaitonari buruz; Angela Azperekin ezkondu zen eta 1860 inguruan argentinaratu ziren. Data zehatzik ez dugu; badakigu gure birramona, Juana Segunda Eguiazu Aspe, Victorian jaio zela 1867 urtean, eta aitona-amonak ere Victoriakoak zirela”.
Lan handia egin du Sergio Eguiazuk familiaren zuhaitz genealogikoa egiteko eta nahiko osatuta dauka baina ez osoa. Eta historia hori osatzea izango da topaketaren helburuetako bat. Genealogia lana ez du bakarrik egin. Laguntza handia eman diote gaian sartuta dauden hainbat lagunek, bereziki Ana Maria Esainek.
Topaketaren antolatzaileak jakinarazi digunez, elkarretaratzean elkar ezagutzen ez duten hainbat lehengusu bilduko dira lehenengoz. Familiari buruzko datuak trukatuko dituzte zuhaitz genealogiko osoa bete ahal izateko. Horretaz gain Euskal Herrian bizi den Eguiazu batekin hitz egingo dute Skypez eta larrutx pergamino oroigarri bana eskuratuko zaie bildutakoei. “Asmoa da elkartzea, elkar ezagutzea eta gure arbasoei omenaldia egitea. Eta batez ere, ospatzea! Zahartzen ari gara guztiok eta bizitza ospatu behar dugu! Eta giro euskaldunean, gainera. Izan ere, gure topaketan ikurrinak jarriko ditugu bilkuraren lekuko”, azaldu digu, harro.
Antolaketari buruz, eta nahiz eta ekimenaren arduraduna Sergio izan, beste ahaide batzuk ere ari dira lanean topaketa burutu ahal izateko, tartean Victoriako Maria Marta Eguiazu eta Resistenciako Daniel Eguiazu. Sergioren euskal kolektibitatearen partaidetzari dagokionez, bi urtez izana da Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko lehendakaria eta gaur egun bertako diru-zaina da.
Antolatzaileekin harremanetan jartzeko edota topaketan parte hartzeko, hauxe da kontaktu helbidea: elvascodel5@gmail.com.