Joseba Etxarri. Montevideon jaioa duela 46 urte, Enrique Yarza Rovira uruguaitarra da alderdi guztietatik: alegia, mundu osoko hamaika jatorriko jendeen ondorio. Bere arbasoen artean italiarrak, katalanak eta brasildarrak dauzka, baita indigenak, kanariarrak eta euskaldunak ere. Zuzenbidean doktore eta historian lizentziatu, 1991etik genealogiari eskaintzen dio bere denboraren zati garrantzitsu bat eta izandakoa da, izan ere, Uruguaiko Genealogia Ikasketa Institutuko lehen dakari pare bat aldiz. Duela egun gutxi bere azkeneko liburua aurkeztu zuen Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean, ez oso izenburu laburrekoa "Un Vasco Anónimo en la Aventura Americana: Testimonio de la emigración de nuestro esquivo antepasado Juan Martín Beracochea a las sierras de Minas (Uruguay)".(Euskaldun anonimo bat banetura amerikarrean: Gure arbaso iheskor Juan Martin Beracochearen Minas-eko mendietarako (Uruguai) emigrazioaren lekukotasuna).
Galderak ezinbestekoa dirudi, nor zen "iheskor" deitzen duzun Juan Martin Beracochea delako hori?
-Izendatze hori nolabaiteko frustrazio genealogikotik dator. Badago joera bat immigrante euskalduna hamapiko urteko gazte batekin identifikatzeko, bakarrik etorri, gogor lan egin, ezkondu, familia sortu eta seme-alabei bidea ematen diena. Baina nire arbaso den euskaldun honek ez zuen s ekula ezkondu nahi izan, bikote bizia eraman zuen eta hiru alaba izan zituen emakume berarekin, baina ez zien sekula eman abizena. Ez zuen sekula esan non jaioa zen eta ikertzen gogor saiatu banaiz ere ez dut bere ezagutzan aurrerapen handirik egin. Liburuan esaten dudan bezala, euskaldun guztiek ez ziren oihartzuntsuak izan, baina zalantzarik gabe gure parte dira eta gure gizarteko parte izaten segitzen duten familiak sortu zituzten Uruguain.
Aitaren lerro zuzenetik Oñati eta Oronozko euskaldunen ondorengo zara.
-Nire birraitona Manuel Yarza Balanzategui 1842an heldu zen Uruguaira eta Minasen ezarri zen. Bertan ezkondu zen 1855ean Josefa Lasarterekin, Oronozko nafarra berau. Landa giroan bizi ziren, euskaldunez inguratuta. Nire aitonak, italiar peto batekin ezkonduko zena, euskara mintzo zuen, baina tamalez nure aitak 11 urte zeuzkala hil zen. Arbaso euskaldun gehiago badauzkat, familiako beste adar batzuetan.
Nola piztu zitzaizun interesa genealogian?
-Gaztetan, bizitzako momentu batean, pertsona filosofatzen hasten da eta, nire kasuan, hogei bat urte izango nituen ohiko galderak egiten hasi nintzenean neure buruari, nondik nator, nora noa, eta ohartu nintzen ez nekiela gauza handirik nire jatorriez. Neukan datu ia bakarra, aitona Uruguain jaio zela euskaldunen seme. Amaren aldetik --Rovira--, nire aitonaren aitona Lleidan jaio zen, eta amaren aldeko amona osorik italiarra neukan. Egiari zor, nire arbasoen unibertsoan euskaldunak dira talderik kopurutsuena, nire jatorrien %29arekin, nahiz eta gaur egun espainiar autonomia diren guztiak zenbatuta, euskaldunak barne, nire aurrekoen %52a ematen duen; badaukat baita ere %25a italiar, %12 portuges-brasildar eta baita jatorri indigena ere, eta oso ongi sailkatu ahal ezin dudan beste puska bat, %10a inguru, antigoaleko kriolloak, Hego Amerika ia osoko herrialdetan jaiotako jendea, Panama eta Kolonbiatik Argentina eta Txileraino.
Gure kulturan, gehienetan, aitaren abizenak baizik ez du irauten...
-Psikologikoki balio handiagoa ematen diogu gure lehenengo abizenari, nahiz eta nik beti e saten dudan fikzio juridikoa dela, egia esatearren gure baitan baitaude, hor baitira gure gainerako jatorriak, gure geneetan daude.
Diozunaren arabera, norberaren zuhaitz genealogikoa osatzea inoiz bukatzeko moduko zerbait al da? Zeuk hogeita bost bat urte eskainita, bete samarra edukiko duzu.
-Urrunen iritsi naizen lerroan, hogei belaunadi egin dut atzera, baina zuzen zaude, sekula bukatzen ez den lana da. Jakitun naiz hiru bizitza izango banitu ere denbora faltako nukeela osatzeko. Beti dago zerbait gehiago, beti azaltzen da datu berriren bat, hariak geratzen dira tiratzeko...
Duela egun batzuk Montevideon aurkeztu zenuen azken liburua: Minasen pasa den ostiralean, aretoa jendez mukurru. Uztailean seguruenik Buenos Airesen txanda etorriko da, eta auskalo noiz Euskal Herriarena. Aurkezpenik aurreikusi al duzu Euskal Herrian?
-Aurkezpenak ongi samar joan dira orain arte, jende asko hurbilduta. Gogoan izan behar da, esaterako, Minasen aurkezpen bat egiteak esan nahi duela entzuleen artean makina bat jende Etchepare, Berrueta, Lete, Lujambio, Ezponda, Iriarte, Lasarte, Yarza, Zabalzagaray, Salaberry, Olascoaga, Tellechea, Ibargoyen... eta antzeko abizenak dituena izango dela. Liburu hau eta beste batzuk baditut euskaldunei buruz eta zalantzarik gabe gustu handiz onartuko nuke Euskal Herrian aurkeztea, are gehiago, zentzu handia topatuko nioke Euskal Herrian bertan argitaratu eta aurkezteari.