Egilea kide duen Uruguaiko Ikasketa Genealogikoen Institutuak deiturik, Enrique Yarza Rovira euskal uruguaitarraren "Un Vasco Anónimo en la Aventura Americana" (Euskaldun anonimo bat Abentura amerikarrean) liburua gaur arratsaldean aurkeztuko da Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean. Hiriburu uruguaitarreko Rumbo argitaletxeak plazaratu duen liburuak egilearen arbaso izan zen Juan Martin Beracoechearen emigrazioa aipatzen du Uruguaiko Minas mendi inguruetara.
Montevideo, Uruguai. Gaur arratsaldean aurkeztuko da hiriburu uruguaitarrean Enrique Yarza Rovira (Montevideo, 1969) abokatu eta historialariaren azkeneko lana, "Un Vasco Anónimo en la Aventura Americana" izenburukoa, azpi izenburu edo bigarren izenburu bezala "testimonio de la emigración de nuestro esquivo antepasado Juan Martín Beracoechea a las sierras de Minas, Uruguay" daramana.
Liburuak Uruguaira bertako independentziaren jarraian heldu zen Martin Beracochea immigrante euskaldunaren berri ematen du. Bere istorioa argtara ematerakoan, Yarzak immigrante anonimoen lana eta rola aldarrikatzen du, "normalean bakarrik gertakari heroikoren baten protagonista izan diren edo maila sozial edo politikoan oihartzuneko postuak bete dituzten euskaldunen berri iristen baitzaigu", dio.
"Baina euskaldun guztiak ez ziren oihartzuntsuak izan. Immigranteetako asko anonimotasunaren izarapean geratu dira, esaterako gaur argitara ateratzen dugun hau. Euretaz ia izenak baino ez dakizkigu, nahiz eta eurak ere oroitzeko moduko egoeren protagonista izan ziren, eta aldi berean, genearkak izan ziren, alegia, gaur egun gure gizarteko parte diren familien sortzaile".
Enrique Javier Yarza Rovira Montevideon jaio zen 1969an. Zuzenbidean eta Zientzia Sozialetan doktore da (1997) eta Historian lizentziatu (2001). 1992tik da Uruguaiko Ikasketa Genealogikoen Institutuko kide, eta 2003tik 2009 bertako presidente izana da, baita Genealogiako Akademia Amerikarreko kide ere eta Iberoamerikako zenbait erakunde genealogikoen ohorezko kide ere. Zenbait liburu plazaratu ditu Uruguai eta Rio de la Platako biztanle eta familiez.
Liburua gaur arratsaldeko zazpietan aurkeztuko dute Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean, hiriburuko San Jose 1168 helbidean, ekitaldian parte hartuko dutela Carmen Galuzzo anderean (Rumbo argitaletxearen izenean), Maria Emilia Perez Santarcieri irakasleak eta Carlos Zubillaga doktoreak, Enrique Yarza Rovira egilearekin batera.