euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Enrique Poittevin eta Maritxu Saralegui: "Uruguaiko euskal etxeak bildu eta FIVU sendo eta berrindatua lortu nahi dugu"

2014/11/27

Mirentxu Saralegui eta Enrique Poittevin euskal-uruguaitarrak atzo EuskalKultura.com-en bulego donostiarrean. Entusiasmoz aipatu zuten bidaia honetan bisitatu dituzten euskal bazterrak (argazkia EuskalKultura.com)
Mirentxu Saralegui eta Enrique Poittevin euskal-uruguaitarrak atzo EuskalKultura.com-en bulego donostiarrean. Entusiasmoz aipatu zuten bidaia honetan bisitatu dituzten euskal bazterrak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentina da Diaspora kontuetan munduan txapeldun, euskal jatorriko biztanleak eta euskal etxeak herrialdean nonahi baititu, baina Uruguai ez zaio batere atzean geratzen bere euskal historia eta euskaldunen eragin aberatsari dagokionean. Azken ia sei asteetan Uruguain jaiotako bikote bat izan dugu Euskal Herrian bisitari, zazpi probintzietako bazterretan barrena. Atzo, EuskalKultura.com-en bulegoetaraino iritsi ziren, Donostian, eta solasaldi llabur bat egiteko parada izan genuen. Maritxu Saralegui eta Enrique Poittevin dira eurak.

Joseba Etxarri/Donostia-San Sebastian. Urtetan, sasoi honetan, Montevideon edo Argentinako Euskal Astean egin izan dugu topo Enrique Poittevin eta Maritxu Saralegui senar-emazteekin, baina aurtengoan Donostia bilakatu zaigu bilgune. Montevideon jaio ziren biak, duela 62 urte Enrique eta 60 Maritxu. 'Betidanik' daramate euren euskal izaera lantzen, hiriburu uruguaitarreko Haize Hegoa euskal etxean partikularzki. Aita Nafarroako Intzakoa eta ama Gipuzkoako tolosarra, Mirenen kasuan, eta Enriquerenean jatorri baxenabartarrekoa hiruzpalau belaunaldi atzerago, bikote ezaguna dira Montevideo eta Uruguaiko euskal munduan. Aste honetan bertan doaz atzera, urri-azaro aldean Euskal Herria goitik behera eta ezker-eskuin ibili ostean, aspaldiko partez.

-Zer, euskal elikagaia biltzen, gasolina moduan, Uruguaira depositoa beteta itzultzeko gero bertan buru-belarri sartzeko bertako euskalgintzan?

[Solasaldian zehar bezala, Enrique eta Mirentxu elkarren osagarri aritu dira euren erantzun eta iruzkinetan, batak besteak hasitako esaldia amaituz eta gehienbat elkarren osagarri arituz euren arrapostuetan. Bien hitza, bat eginik bildu dugu datozen lerroetan]

Irudi ederra, edertasuna gailentzen den irudia daramagu Euskal Herritik, krisia dagoela esaten digute baina gu, hemen bizi ez garenez, ez dugu hori hainbeste nabaritzen. Herrialdea polita dago, garbi eta ordenatua, bazter guztiak bisitatu ditugu, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, barnealdea, Iparraldeko hiru hiriburuak... baina onena herri eta herriska txiki horiek guztiak izan dira, ikaragarria izan da. Horietan guztietan barrena ibiltzea bainu bat hartzea bezala izan da, edertasun horretan bustitzea eta irudi eta inpresio koloretsu eta bizi-bizi horiek bildumatzea, altxor gisa, gure oroimen eta begi-ninietan.

-Ongi merezitako atsedenaldia hartu ahal izan duzue. Oker ez banago Mirentxuren aita joan den maiatzean zendu zen, hiru urte edo zenbait urte konplikatuak pasatu ondoren, familia beti ondoan eta inguruan zaintzen izan duela.

Bai, tira, gogorra izan da. Eta aita hildakoan, amak, eta 87 urte dauzka, beti esana zuen ez zela berriz ere etorriko Euskal Herrira, horri buruz harenak egin zuela; eta hona etorri garelarik berarekin, ezin dezakegu esan oso bidaia eder eta baikorra izan dela baizik. Asko disfrutatu du eta guk berarekin. 1952an utzi zuen berak Tolosa eta orain, elkarrekin bisitari Euskal Herrira, gidari aparta izan dugu. Esaterako, hemen bizi zen bitartean, mendizalea zen oso eta juxtu Ameriketara abiatu aurretik bukatua zuen 100 euskal gailurren igoaldia, kopa bat eman zioten horregatik. Bada mendi guztiak gogoan zeuzkan. Saiatu gara pixkat bere orduko pausoak segitzen baina hiru mendi baino ez ditugu igo: Anboto --guretzat itzela izan zen--, Xoxote eta Uzturre. Oso une gogoangarriak pasa ditugu. Baina ia 40 egun izan dira eta azkenean nabaritu egiten dira, 87 urte ez baitira gutxi. Arantxa Baztarrika du izena eta polita izan da momenturen batean, kalean, Tolosan, errekonozitu izana eta bere izenaz galdetu izana, "Arantxa zeu al zara?". Poxa (sic) eman dio hainbeste urte eta gero errekonozi zezaten.

-FIVUk, euskal uruguaitar erakundeen federazioak buruzagitza berritu zuen ekainean. Azken urteetan aipatu familia kontuekin ibili zaretelarik, aspaldiko partez 'presente' esan ahal izan duzue eta federazioak lehendakari hautatu zuen Enrique.

Hala da. Bidaia honetatik bueltan denbora gehiago eskaini ahal izango diogu zeregin horri. Guztion beharra dago. Guztion lankidetza behar da euskalduntasunaren gurdia merezi duen aurrerabidean ipintzeko Uruguain, gurdiari tira egin behar zaio eta gidatu beharra dago. Ahalik eta euskal etxe kopururik handiena ildu nahi dugu FIVUren aterkipean, federazioa berrituz eta indartuz. Hamar bat euskal etxe dago momentu honetan Uruguain eta FIVUren lana da horiek lagundu eta sostengatzea, euren egitaratu eta jarduerak ahal eta oinarririk handienarekin gara daitezen. Uruguai herrialde osoan eta bere departamentu guztietan dago euskaldunik. Euskal etxerik bada, esaterako, Juan Lacaze, Rosario, Carmelo, San Jose eta Floresen, hiru gehiago Montevideon (Euskal Erria, Euskaro eta Haize Hegoa), eta baita Salto eta Minas-Lavallejan ere. Euskal Erria euskal etxearen kasuan, ez da federazioko parte hala erabaki baitzuen eta nire ustez ahalegin sendoa beharko genuke egin federazioa bil dadin. Bestalde, Floresko euskal etxe berriak FIVUn sartzea eskatu du eta berehala onartuko dugulakoan nago. Elkarrekin sendoago gara eta lan hobea egin dezakegu.

-Azken urteak gorabeheratsuak izan ostean, badirudi etapa berri baten aurrean egon gaitezkeela Uruguaiko euskal komunitateari dagokionean.

Agian hala izango da. Badaude hori pentsa araztera bultzatzen duten adierazgarriak. FIVUk erronka ederra dauka hor eta ahalik eta ahaleginik eraginkorrena nahi genuke egin aurrerabide horretan, guztiok laguntzaile eta partaide.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia