euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Enrike Arozena, 'motorraren fraidea', hil zen atzo, mende erdi batez Arantzazu aldizkariko kobratzaile izan zena

2008/03/25

Enrike Arozena Lizeaga, frai Enrike (Arantzazu arg)
Enrike Arozena Lizeaga, frai Enrike (Arantzazu arg)

PUBLIZITATEA

Enrike Arozena hil zen atzo, frai Enrike, batzuentzat ezagunagoa 'motorraren fraidea' esanez, 51 urtez Arantzazu aldizkariko etxez-etxeko kobratzailea izan baitzen, orain urte gutxi osasuna tarteko utzi behar izan zion arte. Askorentzat Arantzazuko fraideen aurpegia zen, eta etxekotzat errezibitzen zuten urtean behin harpidetza kuotaren papertxoarekin joaten zitzaienean. Bera bezala frantzikotarrak zeuzkan Luis eta Jose Mari anaiek inguratuta hil zen atzo Gasteizko Txagorritxu ospitalean, azkenaldian pixkanaka itzaltzen joan ondoren. Elizkizunak gaur arratsaldean, Arantzazun, seietan.
Azken pare bat urteotan ibili da gaixorik, hanka eta belaunean, tumore batekin, eta senitarteko eta lagunek pixkanaka itzaltzen ikusi dute. Aste Santu honetan, argi zioten bere osasunari buruz galdetutakoan: 'oso gaizki dago, edozein unean gerta daiteke'. Arantzazuko fraide ezagunenetakoa zen, euskal bazterretan nonahi ager baizitekeen motorraren gainean harpidedunak bisitatu eta urteko kuota kobratzera. Hainbat etxetan familiakotzat hartzen zuten, bere bisita estimatutako tradizio bihurtuta, 'Olentzero agertzen denean bezala, baina berak bere solasa ekartzen zigun', diosku Arantzazuko harpidetza berrogei urtez gorde duten familia bateko alabak, bere aurretik bere ama eta amona zenak frai Enrikeri zioten estimua gogoratuz.

1926an Hernaniko Pagoaga baserrian jaioa, Arozena Lizeagatarrak sei anaia izan ziren, horietako hiru frantziskotar: Luis, Jose Mari eta Enrike bera. Frai Luis-ek urte asko eman zituen Erroman, baina azkeneko urteotan hiruak zeuden Arantzazun. Izan ere, anaien artean hiru fraideak bakarrik gelditzen ziren bizirik eta frai Enrikek bere bi anaiak izan zituen ondoan Txagorritxun hil zenean, Bazko astelehenean.

Arantzazu aldizkariak, Iñaki Beristainek berari eginiko elkarrizketa eman zuen argitara orain bi urte, osorik hemen (9-14 orrialdeak) irakur daitekeena. Bere arimaren aldeko elizkizunak gaur arratsaldeko seietan egingo dira Arantzazuko Basilikan eta ondoren gorpua prozesioan eramango dute Santutegiko hilerrira. Goian Bego.


Lotura interesgarriak

'Los últimos frailes de Arantzazu'
Artikulua El Diario Vascon, Javier Meaurio egile

Enrike Arozenari elkarrizketa, Iñaki Beristainek egina (pdf)
Arantzazu aldizkariaren 2006ko ekaineko zenbakia (9-14. or.)

'La Fundación de Amigos de Arantzazu, fórmula de futuro' (erd)
Publicado en EuskalKultura.com el 4 de noviembre de 2005

«Mirari bat da garai batetik hona Euskal Herrian gertatu dena»
2005eko maiatzaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia